Politika -
Katalunia
Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza batek preso independentistei bisita egingo die
Ana Oregi eta Iñigo Iturrate jeltzaleek, Jone Goirizelaiak (EH Bildu) eta Pili Zabalak (Elkarrekin Podemos) osatuko dute ordezkaritza hori.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Figueres, Manresa eta Tarragonako espetxeetan dauden Kataluniako politikari independentistei bisita egingo die astelehen eta astearte honetan Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideetarako eta Berdintasunerako batzordearen ordezkaritza batek, joan den ekainean Legebiltzarrean adostutako aginduari jarraituta. Ana Oregi eta Iñigo Iturrate jeltzaleek, Jone Goirizelaiak (EH Bildu) eta Pili Zabalak (Elkarrekin Podemos) osatuko dute ordezkaritza hori.
Horren harira, EAJk ohar baten bidez jakinarazi duenez, presoei ezarritako "behin-behineko espetxealdia neurrigabea da, erabat bidegabea, justifikaziorik gabekoa, eta jada amaitu behar da". "Pertsona horiek ez lukete espetxean egon behar, Kataluniako herritarren aurrean hitzartutako konpromisoak baino ez baituzte bete", adierazi du.
"Elkar urlertzea eta aldeen arteko eztabaida erraztuko" duen garai berri baten itxaropena azaldu du Alderdi Jeltzaleak. "Hobe gaur, bihar baino, denbora gehiegi galdu dugu, inoiz ez da berandu hitzari eta akordioari aukera emateko", ondorioztatu du.
Bestalde, Jone Goirizelaia EH Bilduko legebiltzarkideak esan duenez, "argi eta garbi" defendatuko dute presoak "kalean egon behar direla". Gainera, iragarri du EH Bilduren "elkartasuna eta babesa" helaraziko dietela preso independentistei. "Kalean egon behar dira, egoera judiziala eta politikoa kontuan hartuta", azpimarratu du Goirizelaiak.