Politika -

Aurrekontu Orokorrak

Espainiako aurrekontuek EAJren babesa izango dutela uste du Monterok

Bitartean, Espainiako Gobernuarekin datozen egunetan biltzea espero du EAJk. Iturri jeltzaleek ziurtatu dutenez, “legealdia bukatzeko asmoan irmo jarraitzen dute”.

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun ministroa. Argazkia: EFE
Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun ministroa. Argazkia: EFE
Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maria Jesus Montero Espainiako Gobernuko Ogasun ministroak "erantzukizunez" jokatzeko deia egin dio larunbat goiz honetan EAJri, Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektua aurrera eraman eta 2019 urteko kontuak ahalik eta babes zabalenarekin onartu ahal izateko.

Monteroren iritziz, jeltzaleek haien botoa negoziatu nahi izatea "zentzuzkoa" da. Ondorioz, Ogasun Ministroak arrazoizkotzat jo du "alderdi horrek ordezkatzen dituen herritarrei gehien komeni zaizkien gaiak jasotzen dituen zerrenda negoziketetan kontuan izatea". Dena dela, jeltzaleak "beti akordiorako prest" egon direla nabarmendu du, eta oraingoan ere "elkarrekin aurrera egiteko akordioa" lortuko dutela ziurtatu du.

Espainiako Gobernuko Ogasun ministroaren esanetan, "euskal herritarrentzat ere onuragarriak dira" PSOEk eta Elkarrekin Podemosek adostutako Estatuko Aurrekontu Orokorren proiektuak aurreikusten dituen neurriak. Dena dela, "haien ekarpena" egiteko aukera eman die jeltzaleei, "alderdia indartuta" ateratzeko.

Gauzak horrela, 2019 urteko kontuak "ahalik eta babes zabalenarekin" onartu ahal izateko Sanchezen gobernuak "akordioak lehenbailehen ixteko asmoa" duela esan du Monterok. Bestalde, aurkeztu berri duten aurrekontu orokorren proiektuak Europar Batasunak jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ziurtatu du. Izan ere, Elkarrekin Podemosekin negoziatu duten bitartean, Bruselatik ezarritako baldintzak kontuan izan dituztela esan du.

Monterok azaldu duenez, aurrekontuen proiektuak "mezu argia bidaltzen die bizi-maila hobea lortu nahi duten erdiko klaseko herritarrei: medikuei, erizainei, abokatuei, autonomoei, unibertsitateko irakasleei edota merkatariei". Azkenik, datorren astetik aurrera Elkarrekin Podemosekin adostutako gai bakoitzari zenbat diru bideratuko dioten erabakiko dutela jakinarazi du.

Bitartean, Estatuko Aurrekontu Orokorrak negoziatzeko Espainiako Gobernuarekin datozen egunetan biltzea espero du EAJk. Iturri jeltzaleek ETBri ziurtatu diotenez, “legealdia bukatzeko asmoan irmo jarraitzen dute”.

Aurreko gobernuak hartutako konpromisoak betetzea marra gorriak dira, hala nola Abiadura Handiko Trena eta Tarifa Elektrikoa”, azpimarratu dute iturriek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Espainiako Gobernua bideoak Espainia argazkiak Pedro Sánchez albisteak Albisteak Gaur Albisteak Aurrekontu Orokorren albisteak