Politika -

RADIO EUSKADI

Zapaterok ETAko 'presoei indultuak ematea pentsatuta' zuela esan du Eguigurenek

Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan, PSE-EEko buruzagi ohiak azpimarratu du presoen gaiak aspaldi bideratuta behar zuela.

Eguiguren: 'Zapaterok indultoen bidea pentsatuta zuen ETAko presoentzat'

0:36

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente izandakoak, 2006ko su-etenean, ETAko presoak indultatzeko aukera mahai gainean izan zuela jakinarazi du Jesus Eguiguren PSE-EEko presidente ohiak.  Horren hitzetan,  gatazkari "konponbide politikoa" eman behar zitzaiola "konbentzituta" zegoen Zapatero.

"ETArekin hitz egiten ari zenean, alde guztietatik akosatuta zegoen Zapatero, baina hain konbentzituta zegoen, prozesua aurrera joan balitz, indultuen bidea pentsatuta zuela", ziurtatu du.

Planaren xehetasunak ez dituela ezagutzen, baina egoerari "irtenbide politikoa" ematea zela asmoa eta "banakako indultuak" zirela gaineratu du.

Presoen gaiak "aspaldi" bideratuta behar zuela uste du Eguigurenek, eta azken urteotan gertatutakoari "oso tristea" iritzi dio, Espainiak ez diolako ETAren amaierari "behar besteko garrantzia eman". "Oso tristea da gertatu den guztia. Uste dut bakea lortu zenean Estatuak ez ziola eman zeukan garrantzia. Ez dugu ahaztu behar ETA zela Espainia guztiaren etsaia, eta ETAk konpontzen zituela arazo denak", adierazi du.

Presoen gerturatzeari buruz galdetuta, Eguigurenek esan du Pedro Sanchezen Gobernua hasi dela urratsak ematen, baina presoen aldetik ere "keinu batzuk" egoteak, bidean aurrera egitea erraztuko lukeela ziur agertu da.

Ildo horretan, presoen aldeko omenaldiak ez egoteko "EH Bildu egiten ari den ahalegina" txalotu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PSOE Espainiako Gobernua Presoak ETA PSE-EE Eguneko albisteak Albisteak