Politika -
Polizia-operazioa
Zortzi lagun atxilotu dituzte Iruñean, txupinazoan izandako liskar bategatik
Poliziaren aurrean deklaratu ostean, aske gelditu dira, baina aurtengo sanferminetako txupinazoan desordena publikoak eragitea egotzi diete guztiei.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Zortzi lagun atxilotu dituzte gaur goizean Iruñean, sanferminetako txupinazoan istiluak eragitea leporatuta.
Berria egunkariak jakinarazi duenez, denak aske gelditu dira, beren abokatuen laguntzarekin Poliziaren aurrean deklaratu ostean. Alabaina, desordena publikoak eragitea leporatu diete guztiei.
Gertakariak joan den uztailaren 6an jazo ziren, txupinazoa jaurti baino lehenago. Gazte talde bat udaletxeko plazan sartzen ahalegindu zen, eskuan ikurrinak, Nafarroako banderak eta euskal presoen aldeko ikurrak zeramatzatela. Plazan zeuden batzuen eta gazte horien artean liskarra izan zen.
Espainiako Polizia eta Iruñeko Udaltzaingoa elkarlanean aritu dira operazio honetan. Atxiloketa gehiago izan daitezkeela ohartarazi dute.
Sortuk uste du "Erregimenaren mesederako" direla atxiloketak
Agiri baten bidez Sortuk adierazi du atxiloketek Erregimenari mesede egiten diotela. Hain zuzen ere, Iruñeko Epailetzak bultzatutako atxiloketek nori egiten dioten mesede galdetu du Sortuk ohar horretan. "Argi dago Iruñean eta Nafarroan bizi den aldaketa prozesuari trabak jarri nahi diotenen onerako baino ez direla", nabarmendu du.
Gauzak horrela, elkarbizitza zailtzen ari direla esan die "Nafarroa espainiarrari, alderdi ultraeskuindarrei eta injustiziaren biktima direnei barre egiteko Altsasun kanpaina ekitaldiak antolatzen dituztenei".