Politika -
Dimisioa
Nafarroako Poliziaren buruak dimisioa eman du, Twitterren politikariak iraintzeagatik
Gainera, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak German Castiñeira Poliziaren Informazioko burua kendu du kargutik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Daniel Rodriguez Lopez Nafarroako Poliziaren buruak dimisioa aurkeztu du eldiario.es-ek azken orduan zabaldutako informazioaren ondotik. Hain zuzen ere, aipatu egunkari digitalak jakinarazi duenez, Twitterren, kontu pribatu baten bidez, ezkerreko politikariak eta ordezkari nazionalistak iraindu ditu Rodriguezek, eta, besteak beste, Antonio Tejero goratu du. Gainera, Rodriguezek ez du ukatu mezuak berak idatzi dituenik.
Hartara, polizia iturriek iragarri dute Rodriguez Lopezek kargua utziko duela. 2012an izendatu zuen PPk Nafarroako Poliziaren buru.
Twitterreko irainen berri izan ostean, Nafarroako Poliziaren burua kargutik kentzeko asmoa zeukan Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak, baina, azkenik, Rodriguez Lopezek berak eman du dimisioa.
Hori, ordea, ez da epe motzean egingo duen aldaketa bakarra izango. Izan ere, Marlaskak "beharrezkotzat" jo du Aragoiko, Extremadurako eta Balearretako Poliziaren buruak ordezkatzea.
Polizia buruak ezin zuen kargu horretan egon
Jose Luis Arasti Espainiako Gobernuaren ordezkariak ziurtatu du Nafarroako Poliziaren burua ezin zela karguan "minutu bakar bat gehiago" egon, Twitterren zabaldutako mezuak "onartezinak" direlako.
Poliziaren Informazio burua kargutik kendu du Marlaskak
Bestalde, Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak German Castiñeira Poliziaren Informazioko burua kendu du kargutik.
Orain arte Informazio komisarioa izandakoa terrorismoaren aurkako borrokaren arduradun gorena ere izan da gaur arte. Juan Ignacio Zoido PPko ministro ohiak izendatu zuen, hain zuzen.
Alabaina, azkenaldian Poliziaren goi-karguak "aldatzen" dabil Marlaska. Urriaren 17an, adibidez, Jose Manuel Perez Perez Polizia Nazionaleko Zuzendaritza Nagusiko Kabinete Teknikoko zuzendari ohia kendu zuen kargutik, Juan Cotino erakunde horretako zuzendari izandakoa ekitaldi batera gonbidatzeagatik. Cotino ustelkeriagatik auzipetu zuten.