Politika -

Diputatuen Kongresua

Sanchezek Casadorekin hautsi du ‘Kataluniako estatu-kolpearen’ ardura leporatzeagatik

"Adierazpen horiek mantentzen dituzu, bai ala ez? Esandakoari eusten baldin badiozu, zuk eta nik ez dugu gehiago hitz egingo", esan dio Sanchezek Casadori Diputatuen Kongresuan.

Pedro Sánchez
Pedro Sánchez
Casadok Kataluniako Estatu-kolpearen partaide izatea egotzi dio Sanchezi

0:58

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Espainian egiten ari diren estatu-kolpearen erantzule eta partaide” egin du gaur Pablo Casado PPko buruzagiak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidentea. Hitzak jaten ez baldin baditu gehiago hitz egin ez dutela esan dio Sanchezek Casadori.

"Adierazpen horiek mantentzen dituzu, bai ala ez? Esandakoari eusten baldin badiozu, zuk eta nik ez dugu gehiago hitz egingo", ohartarazi dio Sanchezek Casadori Diputatuen Kongresuan. Akusazioan atzera egiteko dozena erdi bider baino gehiago eskatu dio gobernuburuak PPko ordezkariari.

Europako Kontseiluaren berri eta armen salmentaren (Saudi Arabia) inguruko azalpenak emateko agerraldia egin du Sanchezek Kongresuan. “Espainian ematen ari diren estatu-kolpearen erantzule eta partaide” izatea egotzi dio Casadok Espainiako gobernuburuari, “Moncloako ostatua” independentistei eta Podemosi “uzteko” eskatu behar izan dielako.

Jarraian, hitzak jateko eskatu dio Sanchezek PPko buruzagiari. Gobernuburuaren hitzetan, esaldia talde parlamentario sozialistarentzako “bidegabekeria” bat da.

Sanchez: "Adierazpen horiek mantentzen dituzu, bai ala ez? Esandakoari eusten baldin badiozu, zuk eta nik ez dugu gehiago hitz egingo"

Moderazio, demokrazia eta Konstituzio “leziorik” onartuko ez duela erantzun dio Casadok Sanchezi. Zentzu horretan, moderazioa eskatzea aurpegiratu dio PPko ordezkariak, Sanchez “'batasuno', independentista eta muturreko ezkerraz inguraturik” dagoenean.

Sanchez independentisten “estatu-kolpearen erantzule” dela berretsi du Casadok berriro. “Zer da bestela?”, galdetu du.

Sanchezek oposizioko buruzagiarekin gehiago hitz egingo ez duela iragarri du orduan, “bidegabekeriaz betetako” akusazioan atzera egin arte.

Kongresutik ateratzean, Sanchezi kolpista deitu dionik ukatu du Casadok. “Katalunian gertatzen ari denarekin ezer ez egitearen erantzule dela esan dut”, zehaztu du. “Hiru aldiz esan dut dagoeneko”, gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Diputatuen Kongresua Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Espainiako Gobernua Espainia Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Pablo Casado Blanco Kataluniako prozesua zuzenean