Politika -
UDAL ETA FORU HAUTESKUNDEAK
Elkarrekin Podemosek 'aldaketarako gobernuak' osatuko ditu PSE-EE eta EH Bildurekin
2019ko udal eta foru hauteskundeak egin ostean 'gobernu aurrerakoiak' osatzeko proposamena egin die Lander Martinezek EH Bilduri eta PSE-EEri.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
EAEko erakundeetan "gobernu aldaketak" bultzatu nahi ditu Elkarrekin Podemosek 2019ko udal eta foru hauteskundeen ondoren, eta horretarako EH Bildu eta PSE-EE nahiko lituzke bidelagun.
Lander Martinez Elkarrekin Podemoseko idazkari nagusiak gaur Bilbon egin duen agerraldian esan duenez, "beren burua aurrerakoitzat duten alderdiekin" gobernatzeko prest dago alderdi morea. Modu horretan ezarri nahi omen dute "aldaketaren agenda" deitu dutena.
"Alternatiba horren lidergoa har dezake Elkarrekin Podemosek, baina gustatuko litzaiguke horrek EH Bilduren eta PSE-EEren babesa izatea, gobernu aurrerakoiak sustatzeko", esan du Martinezek. Gasteiz, Barakaldo, Errenteria, Irun, Ortuella edota Durango udalerrietan, esaterako, "aldaketa posible" dela gaineratu du.
Proposamena gaur prentsaren aurrean azaldu badute ere, EH Bilduri eta PSE-EEri ez die horren berri zuzenean eman, oraindik. Proposamena hauteskundeak pasatu arte mahai gainean izango dutela esan du Elkarrekin Podemoseko buruak.
Alabaina, akordiotarako borondatea agertu arren, euskal sozialisten eta ezker abertzaleko koalizioaren "kontraesanak" agerikoak direla adierazi du Martinezek. Horren hitzetan, PSE-EEk eskuak lotuta ditu, EAJrekin egindako gobernu-akordioa dela eta. Jeltzaleen "eredu ekonomiko eta soziala" alde batera uzteko eta politika aurrerakoien alde egiteko eskatu die sozialistei.
EH Bilduri, berriz, "nazio mailako gaiei lehentasuna" ematea eta "alor soziala alboratzea" egotzi dizkio. Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuen aurrean koalizioak agertu duen jarrera ere kritikatu du Martinezek, "oso eskaintza merkea, beherapenetakoa" egin duela esanez.
2019ko udal eta foru hauteskundeetan, Elkarrekin Podemosek gutxienez ehun zinegotzi lortu nahiko lituzke Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban.