Politika -

Katalunia

Fiskaltzak 25 urteko zigorra eskatu du Junquerasentzat, matxinada delitua egotzita

Kontseilari ohientzat 7 eta 16 urte arteko espetxe-zigorra agindu du, eta 17 urtekoa Jordi Sanchezentzat, Jordi Cuixartentzat eta Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiarentzat.

Oriol Junqueras. Argazkia: EFE
Oriol Junqueras. Argazkia: EFE
Fiskaltzak matxinada delitua leporatu die Kataluniako prozesuaren buruei

1:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

25 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak Oriol Junqueras Kataluniako presidenteorde ohiarentzat, 7 eta 16 urte artekoa kontseilari ohientzat eta 17 urtekoa Jordi Sanchezentzat, Jordi Cuixartentzat eta Carme Forcadell Parlamenteko presidente ohiarentzat.

Auzitegi Gorenaren aurrean aurkeztutako behin-behineko idazkian, Ministerio Publikoak zigorrik handiena agindu du Junquerasentzat, matxinadaren burua izan zelakoan. Gainera, funtsa publikoak bidegabe erabiltzea egotzi dio. Gauzak horrela, 25 urtetan ezingo du kargu publikorik bete, Fiskaltzak hala ebatzita.

Maila bat beherago geratu dira ANCko buru ohiaren eta Omnium Culturalen presidentearen zigorrak, bi horientzat 17 urteko kartzela-zigorra eskatu baitute, eta beste horrenbeste urteko inhabilitazioa. Horixe da, baita ere, Carme Forcadell Parlamenteko presidente ohiari ezarri nahi dioten zigorra. Horiek guztiak buruzagitzat edo eragiletzat jo ditu Fiskaltzak.

Kontseilari ohien kasuan, Fiskaltzak zehaztu du Jordi Turulli, Raul Romerari, Joaquim Forni, Josep Rulli eta Dolors Bassarri 16 urteko zigorra ezartzea eskatu duela (beste horrenbeste urteko inhabilitazioa eta 10 hilabetez 100 euroko isuna ordaintzea, baita), matxinada delituagatik eta diru publikoa bidegabe erabiltzeagatik. Eskaria onartuko balitz, Carles Mundok, Meritxell Borrasek eta Santi Vilak, berriz, 7 urte egin igaro beharko lituzkete preso, matxinada delitua egiteagatik eta desobedientzia larriagatik.

Parlamentuko Mahaiko kide ohiarentzat eta Mireia Boya CUPeko presidente ohiarentzat ere 10 hilabetez 100 euro ordaintzea, eta urtebete eta zortzi hilabeteko epean kargu edo lan publikorik ez edukitzea eskatu du Fiskaltzak. Desobedientzia larria da, hain justu, horiei leporatu diena.

TRIBUNAL SUPREMO GORENA EFE

TRIBUNAL SUPREMO GORENA EFE

Hainbat berriemaile bildu dira Auzitegi Gorenaren kanpoaldean, Fiskaltzaren erabakiaren zain. Argazkia: EFE

'Indarkeria' hitza 14 aldiz azaldu da akusazio idazkian

Lau fiskalek argi utzi dute Junqueras, Forcadell eta Jordi biak izan zirela "Erreferendumaren bultzatzaile nagusiak, alde egin zuten beste zenbait auzipeturekin batera" (Carles Puigdemonti zeharkako aipamena eginda).

Hain zuzen ere, Fiskaltzak dio buruzagi independentisten asmoa zela "Konstituzioaren eta Estatutuaren legaltasunari iskin egitea, independentzia aldarrikatzeko eta Autonomia Estatuari Kataluniaren bereizketa onartzera behartzeko".

"Helburu hori lortzeko zorian egon ziren, gainera, ordena konstituzionala arrisku larrian jarri zuten delituzko ekintzak burututa", esan du Ministerio Publikoak.

Horren erantzuleak, batik bat, Jordi biak direla adierazi du, "herritarren mobilizazioaz baliatu zirelako, Errepublika berri baten aurrean, Estatuak amore eman zezan".

11 urte, Traperorentzat

Bestalde, Fiskaltzak 11 urteko kartzela-zigorra eskatu du Josep Lluis Trapero Eskuadra Mossoen buru ohiarentzat.

Modu horretan, Carmen Lamela epailearen eskaria zorroztu du. Izan ere, Lamelak sedizio delituengatik eta erakunde kriminal bateko partaide izateagatik auzipetu zuen Trapero, urriaren 1ean gertatutakoa "onartzeagatik", eta 2017ko irailaren 20an eta 21ean Ekonomia Kontseilaritzak izandako jazarpena ez "gelditzeagatik".

Akusazio idazkian, Pere Soler Eskuadra Mossoen zuzendari ohiarentzat eta Cesar Puig Barne idazkari nagusi ohiarentzat ere 11 urteko zigorra eskatu du Fiskaltzak. Teresa Laplanari, ordea, sedizioa soilik egotzi dio. Hori horrela, 4 urteko espetxe-zigorra agindu du Laplanarentzat.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniaren independentzia Auzitegi Gorena albisteak Delituak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean