Politika -

Kartzelatutako txiolaria

Alfredo Remirez aske geratu da, urtebeteko zigorra bete ostean

Terrorismoa goratzea leporatuta urtebeteko kartzela-zigorra ezarri zioten. Larunbat eguerdi honetan harrera-ekitaldia egin diote txiolariari Amurrion.

Alfredo Remirez, asteburuko espetxe-baimen batean. Argazkia: @erreharria
Alfredo Remirez, asteburuko espetxe-baimen batean. Argazkia: @erreharria
Remirez: 'Ni berrezitzea nahi zuten, baina nire iritziei eustea lortu dute'

1:09

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfredo Remirez Amurrioko txiolaria (erreharria) aske geratu da larunbat honetan, terrorismoa goratzeagatik ezarri zioten urtebeteko kartzela-zigorra bete ostean, Remirezek berak sare sozialen bitartez jakitera eman duenez.

Txiolaria kalean dela ospatzeko, harrera-ekitaldia egin diote larunbat eguerdi honetan Amurrion. Han bertan Remirezek salatu duenez, "ni birgizarteratzea nahi zuten, baina argi dago ez neukala horren beharrik; ni berrezitzea nahi zuten, baina nire iritziei eustea lortu dute". "Sakabanaketa salatzeagatik sartu ninduten barrura, sakabanaketa sufritu dut; auto-istripuak salatzeagatik sartu ninduten espetxera, eta nire familiak trafiko-istripua sufritu zuen", gogoratu du. Amaitzeko, iragarri du "bihartik aurrera" presoen eta euren eskubideen aldeko borrokan jarraituko duela.

Remirez iazko azaroan sartu zuten kartzelan, Basauriko presondegian, sakabanaketaren aurkako protesta batean terrorismoa goratzea leporatuta. Hain zuzen ere, 2005eko Amurrioko jaietako txupinazoan preso bat irudikatzen zuen panpina bat eramateagatik urtebeteko kartzela zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak.

Bestalde, 2017ko otsailean, Remirezi Twitterren terrorismoa goratzea leporatu zioten, txio bat argitaratzeagatik aske geratu ziren bi presori ongietorria emanez, eta defentsak urte eta erdiko zigorra onartu zuen kartzelan ez sartzeko. Baina Auzitegi Nazionalak, zigor hori aintzat hartuta, espetxeratu zuen azkenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Amurrio Politika Twitter Presoak Sare sozialak Eguneko albisteak Albisteak Aiarako kuadrilla