Politika -

Memoriaren Eguna

Terrorismoaren biktimek haien testigantzak eman dituzte eta aitortza eskatu dute

ETAren lau biktima, eskuin muturreko beste bat eta Bakearen Aldeko Koordinakundeko kide bat Gasteizen bildu dira ostiral goiz honetan, Memoriaren Egunaren bezperan.

Terrorismoaren biktimek haien testigantzak eman dituzte eta aitortza eskatu dute. Argazkia: EFE
Terrorismoaren biktimek haien testigantzak eman dituzte eta aitortza eskatu dute. Argazkia: EFE
Biktimen Memoria Zentroak lehen aldiz antolatu du Memoriaren Eguna

1:17

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentroaren eskutik, ETAren lau biktima, eskuin muturreko beste bat eta Bakearen Aldeko Koordinakundeko ekintzaile bat Gasteizen bildu dira ostiral goiz honetan, Memoriaren Egunaren bezperan. Ekitaldi xume horretan jatorri guztietako terrorismoaren biktimak ordezkatu dituzte, eta hildakoen senideek haien testigantzak eman dituzte.

Era berean, “egia, justizia eta erreparazioa” eskatu dute, eta urte guzti hauetan jasandako bidegabeko “sufrimendua” salatu dute, Espainiako Gobernuak Araban duen Azpiordezkaritzan. Bihar, larunbata, hainbat ekitaldi egingo dituzte Memoriaren Eguna gogora ekartzeko, eta Iñigo Urkullu lehendakariak zein talde politiko guztiek, PPk salbu, lore-eskaintza egingo dute.

Gaurko ekitaldiari dagokionez, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Euskadin duen ordezkaria, Florencio Dominguez Memorialeko zuzendaria, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzako idazkari nagusia, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako presidentea izan dira. Halaber, Eusko Legebiltzarrean ordezkatutako talde politiko guztietako ordezkariek hartu dute parte, EH Bildu izan ezik.

Omenaldian hitza hartu duten biktimen testigantza guztiak Raul Lopez Romo historialariak idatzitako ‘Espainian izandako terrorismoaren inguruko bizipenak’ liburuan jasota daude. Irailean aurkeztu zuten, eta jatorri desberdineko 65 biktimen adierazpenak biltzen ditu.

Marta Buesak (ETAk hildako Fernando Buesa buruzagi sozialistaren alabak) egin du ekitaldiaren aurkezpena, eta terrorismoaren inguruan hausnartu du. Izan ere, urteak igaro ahala gertatutakoa “ahazteko” arriskua dagoela ziurtatu du.

Gertatutakoa gogoratu

Edozein motatako “terrorismoa justifikatzeko” hitzaldiak lekuz kanpo daudela esan du Marta Buesak. “Biktima guztiak oroituz bakean eta askatasunean oinarritutako etorkizuna lortuko dugu”, azpimarratu du.

Ekitaldian ETAren lau biktimek hartu dute hitza, besteak beste, Maite Araluce Juan Maria Araluce Gipuzkoa Aldundiaren presidentearen alabak (1976an hil zuten). Gaur egun, Terrorismoaren Biktimen Elkarteko (AVT, gaztelerazko sigletan) presidentea da Maite Araluce.

Haren aita hil zutenean, senideek eta ingurukoek bidegabeko sufrimendua pairatu zutela salatu du Aralucek. Urteak igaro ahala, haien bizitzan “amorrua, mina eta ulertezintasuna” nagusi izan zirela azaldu du. Gainera, herritar asko haiekin “ezeroso” sentitzen zirenez, babesik gabe zeudela pentsatu zuten.

Lucia Cristobal Bakearen Aldeko Koordinakundeko kide ohiak ere bere testigantza eman du, eta bere ibilbidean bidegabeko sufrimendua jasan duten pertsona asko ezagutu dituela azaldu du. Bere esanetan, terrorismoaren biktima askorekin harremanetan egon da. Gauzak horrela, pertsona horiek guztiek “errespetua” merezi dutela nabarmendu du, eta “ETAren ekintzak justifikatzen saiatzen direnen jarrera lotsagarria”  salatu du.

Beste alde batetik, Mari Carmen Hernandezek (Jose Maria Pedrosa Durangoko PPko zinegotziaren alargunak) esan du bere senarra hil aurretiko hiru urteetan “jazarpen izugarria” jasan zutela (ETAk 2000. urtean hil zuen).

Jose Maria Pedrosaren ingurukoek “beldurra, tristura eta larritasuna” bizi zuten, baina “bakean oinarritutako bizikidetza” lortze aldera, “jarrera konstruktiboa” nagusitu behar dela esan du, “gorrotorik gabe”.

Gloria Vazquez PSE-EEko zinegotzia Zarauzko Udalean (Gipuzkoa), ETAk mehatxu egin ziola azaldu du, eta urte haietako bere bizipenen berri eman du. Izan ere, egun guztian eskoltarekin egoteak haren senideengan nolabaiteko eragina ere izan zuela esan du. Dena dela, oso “harro” dagoela azpimarratu du, “terroristen aurrean askatasunaren alde egin izanagatik”.

Ekitaldian Iñaki Aranaren testigantza (Batallon Vasco-Español eskuin muturreko taldeak hildako Liborio Aranaren semea) ere gogoan izan dute. Arana ez da ekitaldian izan, baina bertan zeudenek haren bizipenak irakurri dituzte. Liborio Arana 1980an hil zuten, Alonsotegiko (Bizkaia) taberna baten kontra burututako atentatu batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Alderdi politikoak berriak Albisteak Gaur Gasteiz albisteak Albisteak Terrorismoaren Biktimak