Politika -

Gure Esku Dagoren ekitaldia

'Askatasunen defentsan fronte demokratiko' bat osatzea eskatu du Torrak

Generalitateko presidentak harrera beroa eta babesa jaso du ekitaldi publikoan, Donostian. Euskal herritarrei batzeko eta “askatasun nahiak ez murrizteko” eskatu die hitzaldian.

Quim Torra Generalitateko presidenta Gure Esku Dagok antolatutako ekitaldian. Argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidenta Gure Esku Dagok antolatutako ekitaldian. Argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidenta Gure Esku Dagok antolatutako ekitaldian. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniarrak eta euskal herritarrak “askatasunen defentsan fronte demokratiko” batean batzea aldarrikatu du Quim Torra Generalitateko presidentak, bi herriak baturik “indartsuagoak eta askeagoak direlako”.

Gure Esku Dago herri plataformak antolatutako ekitaldi batean hitza hartu du Torrak. Euskal Herriko txoko askotan herri galdeketak bultzatu ditu plataformak.

Torrak harrera beroa eta babesa jaso du ekitaldi publikoan, Donostian. Euskal herritarrei batzeko eta “askatasun nahiak ez murrizteko” eskatu die hitzaldian.

Presidenta Iñigo Urkullu lehendakariarekin bildu da eguerdian. Besteak beste, Joseba Egibar, Markel Olano (EAJ), Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Arkaitz Rodriguezek (EH Bildu eta Sortu) Torra babestu dute ekitaldian.

Kataluniaren independentzia prozesuan “aurrera jarraitzeko” dei egin du Torrak. Indar politiko ezberdinen arteko “lankidetza egonkor” batekin bide bera jarraitzeko eskatu die Generalitateko buruzagiak euskal herritarrei, “askatasun nahiak murriztu barik”.

Erabakitzeko eskubidea aurrera eramatera gonbidatzen zaituztet, eskubide hori zuei dagokizuelako eta inork ezin dizuelako ukatu”, esan du Torrak. Hala, herritarrei “aholku” bat eman die: “Subiranotasunak koordinazio sendoa ezar dezan eskatzen dizuet, helburu berberak partekatuz, izan ere, batasuna da Katalunian emaitza onenak lortu duena”.

Era berean, euskal herritarrak eta katalanak elkarlanean aritu eta “fronte demokratiko batean askatasun guztiak defendatzeko deia” egin du. Bere iritziz, “bi herriak batera sendoagoak eta askeagoak” dira.

Europako hauteskundeetan hori islatzeko aukera dago. Herrien ahotsa Europara eraman dezakegu, Europako Parlamentuan subiranotasuna eta demokrazia aldarrikatuz. Euskal herritarrak, katalanak, galiziarrak eta valentziarrak elkarrekin egin dezakegu aurrera, gure ahotsak Europar Batasunean entzun ditzaten”, proposatu du Generalitateko presidenteak.

Bestalde, Espainiako Gobernuak Kataluniako independentisten aurka erabilitako “zapalkuntza” eta “mendekua” deitoratu du Torrak. Hala, ihes egin duten politikoak eta espetxean dauden buruzagiak gogoan izan ditu, eta haien egoera Bateragune auzian zigortu zituzten ezker abertzaleko kideenarekin alderatu du. Une horretan, elkartasuna adierazi die.

Generalitateko presidentearen iritziz, Kataluniako prozesu independentista aurrera eraman zuten politikoen kontrako epaiketa ez da soilik haien kontrakoa izango, ezta urriaren 1eko galdeketan bozkatu zutenen aurkakoa ere. Bere ustez, “Kataluniak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidearen kontrako epaiketa” izango da.

Torraren esanetan, “kohesionatuta dagoen herri plurala” da Katalunia, bizikidetza arazorik ez duena. Kataluniak izaera kritikoa duela ziurtatu du, eta herritarrek bidegabekeriari aurre egiten ikasi dutela nabarmendu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Donostia Gipuzkoa Kataluniako erreferenduma Euskal Autonomia Erkidegoa Gure Esku Eguneko albisteak Albisteak Pere Aragonès Kataluniako prozesua zuzenean