Politika -

Lege erreforma

Polizia-abusuen legearen erreforma bideratzea onartu du Legebiltzarrak

Elkarrekin Podemosen babesa jaso du EAJk eta PSE-EEk bultzatutako lege erreformak. EH Bilduren iritziz, "funtsik gabekoa" da proposamena, eta PPk uste du segurtasun indarren izena "zikintzen" duela.

Beltran de Heredia eta EH Bilduko parlamentariak Mendiaren hitzaldia entzuten. Argazkia. EFE
Idoia Mendia. Argazkia: EFE
Beltran de Heredia eta EH Bilduko parlamentariak Mendiaren hitzaldia entzuten. Argazkia. EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Polizia-abusuen legearen erreforma bideratzea onartu du Eusko Legebiltzarreko bilkurak, ostegun honetan, Elkarrekin Podemosen babesarekin. EH Bildu abstenitu egin da, eta PPk kontra bozkatu du. Jatorrizko legeak sortutako zalantzak argitzea du helburu EAJk eta PSE-EEk bultzatutako erreformak.

Ildo horretan, orain arte "ahaztuta" egon diren biktimak aintzat hartzeko beharrizana defendatu dute EAJk eta PSE-EEk, eta horiek babesteagatik ez dutela ETAren indarkeria "parekatzen edo justifikatzen" argitu dute.

Esan bezala, testuaren tramitazioa babestu du Elkarrekin Podemosek, nahiz eta "labur" geratzen dela pentsatu. EH Bilduk, berriz, "funtsik gabeko" erreforma dela esan du, eta bozketan abstenitu egin da. PPk, bere aldetik, aldaketak aldaketa, legeak "babes konstituzionalik" ez duela adierazi du, eta Estatuko Segurtasun Indarren izena "zikintzen" duela ere azpimarratu du.

Hain zuzen ere, 1978tik 1999ra indar polizialen biktima izan diren pertsona guztiak aintzat hartzea eta horiei eragindako kalteak ordaintzea bilatzen du lege erreformak. Behin aldaketak gauzatzeko lehen pausua emanda, legearen erreformarako tramitazioak egingo dituzte aurrerantzean Legebiltzarrean.

Abuztuan Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak lortutako akordioaren emaitza da, zehazki, erreforma. Orduan, PSOEk onartu egin zuen Mariano Rajoyk, justizia auzitegien eskumenak zapaltzen zituela iritzita, garai batean jatorrizko legearen aurka aurkeztutako helegitea baztertzea.

Gauzak horrela, Jaurlaritzak eta Gobernu espainiarrak hitzartutako akordioak argi uzten du biktimak babestea dela aipatutako legearen xedea, "Justiziak horretan bete beharreko papera, inolaz ere, ezbaian jarri gabe".

Aldaketa horien aurrean, Polizia Nazionalaren sindikatu nagusiek, Guardia Zibilaren erakundeek eta terrorismoaren biktimen elkarteek gogor kritikatu dute erabakia, "ETAren indarkeria zuritzen duelako".

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra ETA Alderdi politikoak EH Bildu PSE-EE Euskadiko PP Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Polizia indarkeriari buruzko albisteak