Politika -

2019ko aurrekontuak

Pentsiodunentzako diru-sailik gabe ez dela aurrekonturik egongo esan du EH Bilduk

"Pentsiodunentzako diru-sail nahiko ez badago, ez da aurrekonturik egongo", ohartarazi du Maddalen Iriartek. Eusko Jaurlaritzak tarte ekonomikoa baduela uste du EH Bilduk.

Maddalen Iriarte, Laudioko ekitaldian / Irudia: EITB.
Maddalen Iriarte, Laudioko ekitaldian / Irudia: EITB.
Maddalen Iriarte, Laudioko ekitaldian / Irudia: EITB.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Maddalen Iriartek, EH Bilduko legebiltzarkideak, Eusko Jaurlaritzari ohartarazi dio pentsiodunentzako nahikoa diru mahai gainean jartzen ez badu, ez dela aurrekonturik izango, eta PPrekin hitzartutako kontuak luzatu beharko dituztela.

EH Bilduren eta Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuaren arteko negoziazioetan parte hartzen ari da Iriarte. Adierazpenak Laudioko (Araba) ekitaldi batean egin ditu. Bertan izan dira berriz udalerriko alkatetzat hautatua izateko aurkeztuko den Natxo Urkixo eta Arabako Batzar Nagusietan EH Bilduko bozeramailea den Kike Fernandez de Pinedo.

"Pentsiodunentzako diru-sail nahikorik ez badago, ez da aurrekonturik izango", ohartarazi du. Eusko Jaurlaritzak "benetan" borondate politikoa badu, tarte ekonomikoa baduela uste du Iriartek.

"EAJk erabaki behar du jendearen beharrei erantzunak ematen dizkioten aurrekontuak nahi dituen ala PPrekin hitzartu zituztenak luzatuko dituzten. Eusko Jaurlaritzak erabaki behar du", azpimarratu du.

EH Bildu da EAJ eta PSEren Eusko Jaurlaritzak daukan aukera bakarra aurrekontuak koalizioaren bi abstentziori esker onartuak izateko. Izan ere, Elkarrekin Podemosek agortutzat eman du negoziaketa.

Azpiazuk 2019an 48 milioi euro eta 2020an 32 milioi euro nora bideratzea negoziatzea proposatu zion, eta pentsio baxuenak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta hurrengo bi urteetan % 3,5 gora eginez igotzea eskaini zion EH Bilduri.

EH Bilduk positibotzat hartu zuen Jaurlaritzak hasierako planteamendua aldatu izana, eta eskaintza entzungo zuela agindu zuen, baina argi utzi zuen Azpiazuk proposatutako diru-sailak "nahikoak ez" direla.

Erabakitzeko eskubidea

Hitzaldian, EH Bilduko bozeramaileak EAJrekin estatutu berriaren inguruan lortutako akordioaz hitz egin du. Esan duenez, "aurrerapauso garrantzitsua" da.

"Euskal Herriko zazpi lurraldeak barruan dauden errepublika independentearen alde" lan egiten duen arren, EH Bilduk erritmoak errespetatzen ditu, "oso argi izanez euskal herritarrak izango direla bere etorkizuna erabakiko dutenak", esan du.

"Galdetu, erabaki eta gure erabakiak errespetatuak izatea nahi dugu", adierazi du.

Etorkizuneko edozein erabakik, beraz, autodeterminaziorako eskubidea onartzea eta aintzat hartzea ekarri behar du, "aitorpen demokratikoa". Onartu duenez, bide hori “ez da erraza izango”.

"Baina ez dugu etsiko", azpimarratu du. "Mendeak eman dituzte agintzen eta obedituak izaten, baina hori aldatuko da", bukatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Maddalen Iriarte Pentsioak Euskadiko Aurrekontuak 2024