Politika -

Egiari Zor Fundazioa

Biktima 'guztien' aitortza eskatu dute Muguruza eta Brouarden omenaldian

“Aitortza ofizialari dagokionean”, segurtasun indarretako biktimen “kolektiboak” sufritzen duen “distantzia ikaragarria” kritikatu du Ane Muguruzak.

Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko buruzagiei omenaldia Bilbon. Argazkia: EFE
Santi Brouard eta Josu Muguruza HBko buruzagiei omenaldia Bilbon. Argazkia: EFE
Manifestazioa egin dute Bilbon Muguruza eta Brouard gogoratzeko

2:26

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

“Estatu indarkeriaren” biktimak aitortzea eskatu du gaur Egiari Zor Fundazioak. Santi Brouard eta Josu Muguruza Herri Batasunako buruzagiei omenaldia egin diete Bilbon. 1984ko eta 1989ko azaroaren 20an hil zituzten, hurrenenez hurren.

“Aitortza ofizialari dagokionean”, segurtasun indarretako biktimen “kolektiboak” sufritzen duen “distantzia ikaragarria” kritikatu du Ane Muguruza HBko diputatuaren alabak. “Euskal gatazkaren biktima guztiak aitortzeko ordua” dela erantsi du. Muguruzaren hitzetan, erakundeen lana da, baita gizartearena ere.

Ezker abertzaleko ordezkari ugari izan dira omenaldian, besteak beste, Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusia, Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, Rafa Diez LAB sindikatuko idazkari nagusi ohia eta Julen Arzuaga eta Jone Goirizelaia legebiltzarkideak.

Ane Muguruzaren ahotan, “Estatu indarkeria, gerra zikina, tortura eta Estatuko segurtasun indarren biktimek ez dugu ahotsa altxatu orain arte”.

BROUARD MUGURUZA OMENALDIA EFE

Jone Goirizelaia, Elena Beloki, Arnaldo Otegi eta Rafa Diez omenaldian. Argazkia: EFE

“Eztabaida semantiko bat bretxa handiagoa eta biktima gisa sufritzen dugun kategorizazioa areagotzeko erabiltzea ez dugu inola ere onartuko”, gaineratu duenez.

“Nahikoa da, Espainiako Estatuaren indarkeria terrorista eta Poliziaren indarkeria justifikatzeari utzi”, adierazi du.

Santiago Brouard HBko buruzagia eta pediatra Bilboko kontsultan hil zuten, 1984ko azaroaren 20an, eta Josu Muguruza egun berean tirokatu zuten bost urte geroago, Madrileko jatetxe batean afaltzen ari zela, Herri Batasuneko diputatu gisa Kongresuan karguaz jabetzeko bezperan.

Rafael Lopez Ocañari 33 urteko espetxe-zigorra ezarri zioten Brouard hiltzeagatik. Bestalde, Angel Duce polizia ohiari 99 urte eta zortzi hilabeteko kartzela-zigorra ezarri zioten Muguruza hiltzeagatik.

Manifestazioa

Arratsaldean, manifestazio bat egin dute Bilbon, “Etorkizun haziak” lelopean, Brouard eta Muguruzaren oroimenez. Protesta Moyua plazan bukatu da.

Bi politikarien lana goraipatu du Karlos Renedo Mahai Nazionaleko kideak Espainiako Gobernuaren Azpiordezkaritzaren aurrean. Bestalde, egindako kaltea eta hilketetan izandako erantzukizuna onartzeko eskatu dio Renedok PSOEri.

Santi eta Josuren familiek izandako jarrera nabarmendu du Renedok: “erantzukizunez jokatu dute, mendeku jarrerak albo batera utziz”. Gainera, bi hildakoen amets berdina izaten jarraitzeko eskatu die militanteei.

“Hiru hamarkada geroago, hemen jarraitzen dugu, zutunik eta indartsu, askapen nazionala eta soziala lortzeko gertu, Santik eta Josuk beste hainbat militanterekin batera ereindako haziari esker. Espainiako Estatua, beste hainbat alditan egin bezala, euren ahotsa isiltzen saiatu zen. Zuhaitza fisikoki ebaki zuten, baina hazia milaka militanteetan erein zutela ez ziren konturatu. Geldiezinak gara”, azpimarratu du Renedok.

MUGURUZA BROUARD OMENALDIA EFE

Argazkia: EFE

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Bizkaiko albisteak Euskal Autonomia Erkidegoa Eguneko albisteak Albisteak Bakea Euskadin Terrorismoaren Biktimak Polizia indarkeriaren kasuak