Politika -

ikertu gisa

Dani Mateok uko egin dio epailearen aurrean deklaratzeari

Espainiako sinboloen kontrako idoi eta gorroto delituak egotzita, ikertu gisa deklaratzera deitu zuen Madrilgo epaile batek telebista saio batean Espainiako banderarekin zintz egiteagatik.

Mateo, epaitegian. Argazkia: EFE
Dani Mateo, epaitegian. Argazkia: EFE
Dani Mateo umoristak uko egin dio epailearen aurrean deklaratzeari

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Dani Mateo umoristak uko egin dio epailearen aurrean deklaratzeari. Mateo ikertu gisa deitu zuen deklaratzera Madrilgo 47. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko buruak, La Sexta telebista kateko "El Intermedio" saioan Espainiako banderarekin zintz egiteagatik. Mateok bost minutu eskas eman ditu epaitegian.

Epaileak Espainiako sinboloen kontrako idoi eta gorroto delituak egotzi zizkion telebista aurkezleari, Poliziaren Alternatiba Sindikalak aurkeztutako salaketa bat aintzat hartuta.

Saioa bertan behera uzteko eskatu du defentsak, sindikatu horrek akusazio partikularra izateko legitimitaterik ez duela argudiatuta. Epaileak, baina, ez du onartu eskaera hori.

Epaitegira sartu baino lehen, adierazpenak egin ditu Mateok. Esan duenez, "kezkatuta" dago umorista bat esketx bat egiteagatik deklaratzera deitzeagatik.

"Pailazo bat bere lana egiteagatik, Justiziaren aurrean"

"Herritar modura, kezkatuta nago pailazo bat bere lana egiteagatik Justiziaren aurrera eraman dutelako. Espainiak eta bere banderak eman duten itxuragatik kezkatzen nau", azaldu du.

Epaitegitik atera denean, Espainiako banderak zeramatzaten pertsona batzuek iraindu egin dute.

Salaketa jarri duen Poliziaren Alternatiba Sindikaleko bozeramaileak, Raul Cuestak, esan duenez, euren asmoa "herritarren eskubideak eta askatasunak defendatzea da", eta Espainiako polizia diren aldetik "era guztietako delituak" salatu behar dituztela gaineratu du.

Bestalde, Maria Jose Segarra Estatuko fiskalburuak gorroto delituen inguruko "gogoeta lasaia" eskatu du. Segarraren esanetan, "interpretazio proportzionatu bat egin behar da, Fiskaltzak egindako zigor eskaera proportzionala eta bermatzailea izan dadin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainia Eguneko albisteak Albisteak Madril