Politika -
HONDAKINEN KUDEAKETA
Gipuzkoako Aldundiak Hondakinen Plangintza berria igorri die Batzar Nagusiei
Orain alderdi politikoen eztabaidarako eta emendakinak egiteko tartea izango da. Hurrengo urteko martxoan onartzea aurreikusten da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gipuzkoako Foru Aldundiak argi berdea eman zion atzo Gipuzkoako Hiri-hondakinen Kudeaketa Plangintza Orokorra (2019-2030) proiektuari eta Batzar Nagusietara igorri zuen, eztabaidatua eta onartua izan dadin foru arau gisa.
Foru Gobernuak azken pausoa eman du, ekainean abiatutako izapideak amaitutakoan. Fase horretan, guztira, 164 eragilek parte hartu zuten eta 173 ekarpen egin zituzten.
Aurreikuspenak betetzen badira, plangintza berria jasoko duen foru araua abenduan eta urtarrilean eztabaidatuko da Gipuzkoako Batzar Nagusietako Ingurumen Batzordean. Bertan, emendakinak eztabaidatuko dituzte alderdiek eta horiek otsailaren 6ko ohiko osoko bilkuran bozkatuko dituzte.
EAJk eta PSE-EEk gehiengoa dute Batzar Nagusietan eta, ezustekorik ezean, Hondakinen Plangintza berria martxoaren 6ko osoko bilkuran onartuko da.