Politika -

Elkarrizketa, Radio Euskadin

Andoni Ortuzar: 'EH Bilduk hondamendira eraman ditu Aurrekontuak'

Euzkadi Buru Batzarreko presidentearen esanetan, Aurrekontu akordioa lortzeko saiakeran, “EAJk nahiago izan du txori bat eskuan, eta ehun hegan, Bilduk”.

Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Radio Euskadin. Argazkia: EiTB
Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Radio Euskadin
Andoni Ortuzar EAJko presidentea, Radio Euskadin. Argazkia: EiTB

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EH Bilduk Aurrekontuak "hondamendira eraman" dituela esan du Andoni Ortuzar EAJko Euzkadi Buru Batzarreko (EBB) presidenteak. Ortuzarren esanetan, koalizioak "bi eskatu ditu eta ezin izan dio eutsi eskuan zuenari".

Halaber, Radio Euskadiko 'Boulevard' saioan egin dioten elkarrizketan, EBBko presidenteak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzak bere esku egon den guztia egin duela azken proposamena "muturreraino" eramanda eta EH Bilduren eskariei "ia erabateko erantzuna" emanda.

"Aurrekontuak onartu izan bagenitu, urtarriletik aurrera, pentsiodunek 50 euro gehiago kobratuko lituzkete, eta datorren urtetik aurrera 100 euro gehiago, 858 eurora iritsi arte. Orain, aldiz, ez dute irabazi gehiago izango. Hori da EH Bilduk egin duen ekarpena, Aurrekontu proposamena ez onartzeagatik", nabarmendu du.

Aurrekontuak atzeratuta, EBBko presidenteak baieztatu du jasotako "danbatekoaren" ondorioak txikiagotzen saiatuko dela Eusko Jaurlaritza. Halaber, gaineratu du EH Bilduk ez duela Estatutu berriari buruzko akordioa hitzartzerakoan izandako borondate bera erakutsi: "Bestela, Aurrekontu akordioa itxita egongo litzateke". Ildo horretan, adierazi du kontuak onartzetik oso gertu egon direla.

Horrez gain, Ortuzarrek argitu du EH Bilduko ordezkarietako batzuk Aurrekontuak babestearen alde zeudela, baina beste batzuek ez zutela halakorik nahi. "Horiek dira, hain zuzen, negoziazioa hondamendira eraman dutenak", gaineratu du.

"Ordezkarietako batzuk politikoagoak dira, hots, ikuspegi politikoagoa dute. Horregatik, akordioa erdiestearen alde agertu dira, EH Bildu jarrera orekatu batekin sistema instituzionalaren barruan sartzeko aukera ona zelako, baina ziurrenik mugimendu sindikaletako indarrek hartu dute azken erabakia, erradikalizatuago dauden horiek. Nik uste dut EH Bildu, oraindik ere, erosoago sentitzen dela pankarta atzean, arazoak konpontzen baino", nabarmendu du.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza berriak Andoni Ortuzar Euskal Autonomia Erkidegoa Ekonomia 2024 EH Bildu Araba Eguneko albisteak Eguneko albisteak EAEko Aurrekontuak