Politika -

2019 euskal aurrekontuak

Urkullu: 'Oztopatu baino ez du nahi oposizioak, baina ez du lortuko'

EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk osatzen duten "ezetzaren aliantza alderdikoiaren" aurka borroka egingo duela hitzeman du lehendakariak.

Iñigo Urkullu lehendakaria, Gasteizen izandako ekitaldian. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, Gasteizen izandako ekitaldian. Argazkia: EiTB
Iñigo Urkullu lehendakaria, Gasteizen izandako ekitaldian. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak larunbat honetan salatu duenez, Euskadiko oposizioko alderdiek (EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk) osatutako aliantzak "blokeatzea eta geldiaraztea du helburu", baina ohartarazi dienez, "ez dute lortuko".

EAJren Arabako kargu publikoekin Gasteizen egindako bileran egin ditu Urkulluk adierazpen horiek. Ramiron Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Gorka Urtaran Gasteizko alkatea ere bertan izan dira.

2019ko EAEko aurrekontuak erretiratu behar izan ditu Eusko Jaurlaritzak, EH Bildurekin akordiorik lotu ez dutelako. Azken ordura arte negoziatzen ibili badira ere, azkenean EH Bilduk aurrekontuak ez babestea erabaki du.

Horren harira, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk osatzen duten "ezetzaren aliantza alderdikoiaren" aurka borroka egingo duela hitzeman du lehendakariak, "EAJren betiko armekin: lankidetza instituzionalarekin eta taldelanarekin", hain zuzen ere.

Euskal aurrekontuei ezker abertzaleak emandako ezetzak, Urkulluren esanetan, euren soldatak hobetzea edota diru-laguntzak jasotzea kendu die dozenaka mila euskal herritarrei.

Gogoratu duenez, EAJk eta PSEk koalizioan gobernatzen duten Eusko Jaurlaritzak, Gasteizko Udalak eta Arabako Aldundiak euren aurrekontuak luzatu beharko dituzte, EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PPk egindako "aliantza" horren ondorioz.

"Epe motzerako baino ez eragina izango duen hauteskunde-politika burutu dute hiru alderdiek, oztopatzeko eta geldiarazteko asmoz, baina ez dute lortuko", azpimarratu du lehendakariak, "argi eta garbi esaten dugu: orain arte ondo egindakoari eutsiko diogu, eta ez gara bidetik aterako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Alderdi politikoak Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak