Politika -

Aurrekontuak 2019

EH Bilduren 'immobilismoa' gaitzetsi du Urkulluk hobekuntzak 'zapuzten' dituelako

Urkulluk ziurtatu du Aurrekontuen negoziazioan EH Bilduk izandako jokabideak 'gehien behar dutenei' kalte egin diela, besteak beste, pentsiodunei.

Iñigo Urkullu. EFEren artxiboko irudia
Iñigo Urkullu
Iñigo Urkullu. EFEren artxiboko irudia

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak EH Bilduren "immobilismoa" gaitzetsi eta ziurtatu du 2019ko Aurrekontuen negoziazioan koalizio abertzaleak izandako jokabideak 'gehien behar dutenei' egin diela kalte, besteak beste, pentsiodunei.

Hainbat astez negoziatzen egon ostean, ez dute Aurrekontu akordiorik lortu. Horregatik, Eusko Jaurlaritzak atzera bota du datorren urtera begira mahai gainean jarritako proiektua. Gai horri eutsi diote, hain zuzen, kontrolerako saioan, Jaurlaritzaren eta EH Bilduren kexak tarteko.

Unai Urruzuno EH Bilduko legebiltzarkidearen hitzetan, Jaurlaritza da aukera galdu duena. "Gizarte eredu biren arteko talka gertatu da", esan du.

Nolanahi dela, Urkulluren iritziz, EH Bildu izan da, berriro ere, Euskadiri aurrera egiten utzi ez diona. Zehazki, pentsio baxuenak osatzeko Jaurlaritzak egindako proposamena errefusatu izana aurpegiratu dio Urkulluk EH Bilduri.

"Pentsiodunek hilero 100 euro gehiago kobratzeko aukera galtzea lortu dute immobilismo horrekin. Dirudienez, zuentzat inposatzearen sinonimo da negoziatzea", egotzi die lehendakariak.

Bestalde, adierazi du ez duela ulertzen EH Bilduk akordioa aldarrikatzea, baina, aldi berean, horren "aurkako" jarrera erakustea. "Erabakirik hartzen ez dutenek ez dute hutsik egiten, eta erosotasun horretara ohitu dira", gaineratu du.

Bukatzeko, argi utzi du Jaurlaritzak Aurrekontuak hobetzeko gaitasuna duela eta oso argi daukala nola bideratu. "Autogobernuaren alde egingo dugu, jaso gabe ditugun transferentziengatik borrokatuko dugu eta Estatutu hitzarmena eguneratuko dugu", nabarmendu du.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Ekonomia EH Bildu