Politika -

PSE-REN EKITALDIA ARBOLEDAN

Lopezek 'pedagogia' eskatu du, 'eskubideak deuseztatu' nahi dituen Voxi aurre egiteko

Alderdi sozialistako gazteek Zugaztietako Elkarte Sozialistaren 130. urteurrena ospatu dute Trapagaranen, eta sozialismoaren balioak "berreskuratzearen alde" hitz egin du bertan Lopezek.

Patxi Lopez gaur Trapagaranen. Argazkia: EiTB
Patxi Lopez gaur Trapagaranen. Argazkia: EiTB
Patxi Lopez gaur Trapagaranen. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alderdi sozialistako gazteek Zugaztietako Elkarte Sozialistaren 130. urteurrena ospatu dute Trapagaranen. Patxi Lopez lehendakari ohia eta Mikel Torres Portugaleteko alkatea izan dira bertan, besteak beste.

Lopezek esan du beharrezkoa dela Alderdi Sozialistari sorrera eman zioten balioak "berreskuratzea" eta "pedagogia asko" eskatu du Voxen proiektu "kezkagarriari aurre egiteko".

Izan ere, azken urte hauetan lortutako eskubideetan atzera egin nahi dutela esan du Lopezek eta horren adibide jarri ditu Voxen hainbat proposamena: genero indarkeria legea bertan behera uztea, etorkinak kanporatzea, abortua osasun publikotik ateratzea eta LGTBI kolektiboaren lorpenak deuseztatzea, besteak beste.

Zugaztietako inguru horretako meatzariek "pertsonen duintasunaren alde" eta "eskubideen alde" egindako borroka berreskuratu beharra dagoela berretsi du. Andaluziako azken hauteskundeetan 400.000 pertsonak Voxi botoa eman diotela gogorarazi du eta guztiak ezin direla "erregimenaren nostalgikoak izan" hausnartu du. Hala, "pedagogia asko" egin beharra dagoela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Patxi Lopez PSE-EE Eguneko albisteak Trapagaran Albisteak Vox