Politika -
Behin-behineko askatasuna
Itziar Plaza preso bilbotarra, behin-behinean aske
Asteazkenean atera zen espetxetik Plaza. 2009an atxilotu zuten Pauen, eta hamabi urte eta hemezortzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten orduan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Behin-behinean aske utzi dute asteazkenera arte Estremerako (Madril) espetxean preso egon den Itziar Plaza, Etxeratek iragarri duenez.
1982ko urriaren 13an jaio zen Bilbon, eta, esan bezala, 2009ko uztailean atxilotu zuten Frantziako eta Espainiako poliziek Pauen.
Asier Borrero eta Iurgi Garitagoitia ere atxilotu zituzten orduan, McDonald'setik atera eta handik gertu aparkatuta zeukaten autora zihoazela. Matrikula faltsua zeukan lapurtutako ibilgailu batean heldu ziren hara.
Urte hartan ETAren talde logistiko-militarreko arduraduna izatea egotzi zion Frantziako Fiskaltzak, 2008an Garikoitz Aspiazu, Aitzol Iriondo eta Jurdan Martitegi atxilotu ostean.
2013ko martxoan hamabi urteko kartzela zigorra ezarri zion Plazari Parisko Zigor-arloko Auzitegiak. Gainera, 2015eko maiatzean, Frantzian baita, 18 hilabeteko zigorra jarri zioten, auto bat, hainbat agiri eta bestelako materiala lapurtzeagatik. Dirudienez, 2007an izandako auto istripuan atzeman zizkioten dokumentu horiek.