Politika -
GABONETAKO HARRERA
Konstituzioaren 'konbentzio positibo' bat bultzatzea proposatu du Urkulluk
Hori da lehendakariak egiten duen proposamena Estatuak bere izaera nazioanitza aitortu eta egiturazko arazoei konponbidea eman diezaion. Halaber, diskurtso populisten aurrean altxatzeko deia egin du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak Espainiako Konstituzioaren konbentzio edo hitzarmen positibo bat egitea proposatu du, Estatuak bere izaera nazioanitza onartu dezan eta egiturazko arazoei konponbidea eman diezaion. Halaber, diskurtso "populista, xenofobo edo autoritarioen" kontra jaikitzeko deia egin du.
Horrela mintzatu da lehendakaria, urtero Gabonetan euskal gizarteari Gasteizen egiten dion harreran. Bertan izan dira Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde nagusietako ordezkariak, alderdi politikoetako kideak edota eragile sozialak.
Bere hitzaldian lehendakariak azpimarratu duenez, Estatuak "egiturazko" arazo bat du. "Estatuak ez du bere izaera plurinazionala onartzen eta izaera politikoko arazoen aurrean ez ditu konponbideak eskaintzen", azaldu du. Horren aurrean, Urkulluren ustez bidea 1978ko Espainiako Konstituzioaren irakurketa baikorra egitea izan daiteke.
Lehendakariaren iritziz, Euskadi ez da errealitatetik kanpo dagoen uharte isolatu bat. Dena den, bere ustez, Euskadik bere gertuko iraganean gertatutakoaz ikasi du eta "zailtasunak zailtasun, elkarrekin errespetuan, elkarrizketan eta akordiorako borondatean oinarritutako kultura politiko eta instituzionala eraikitzen ari gara".ç
Ildo horretan eta kritikak kritika, haren esanetan, Euskadik erakusten duen "konpromiso politikoan" eta "erantzukizun instituzionalean" sinisten duela nabarmendu du.
Bestalde, politikaren duintasuna berreskuratu beharra aldarrikatu du Urkulluk: "politikaren ospea hiritarrekin egindako kontratu sozial baten bitartez errekuperatzen da". Ez hori bakarrik, diskurtso "populista, xenofobo, demagogiko edota autoritarioen" aurrean erantzuteko deia egin du.