Politika -

Iruñea

ETAren biktimek Sarek antolatutako ekitaldiaren kontra egin dute Iruñean

Terrorismoaren biktimen talde batek Sareren ekitaldi baten aurkako elkarretaratzea egin du, eta horren ostean, batzuk sareak jarritako zeldara hurbildu dira, parte-hartzaileak iraintzera.

Anviteren elkarretaratzea Sareren ekitaldi baten aurka, Iruñean / Argazkia: EFE.
Anviteren elkarretaratzea Sareren ekitaldi baten aurka, Iruñean.
Anviteren elkarretaratzea Sareren ekitaldi baten aurka, Iruñean / Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Oso gertu antolatutako bi ekitalditako parte-hartzaileek elkarri oihukatu diote Iruñean. Bat, Sarek antolatutako ekitaldi bat; bestea, Nafarroako Terrorismoaren Biktimen Elkarteak (Anvite) deitutako protesta.

Ostiralean gertatu bezala –egun horretan bi taldeak ez ziren gerturatu–, Sarek espetxeko gela bat irudikatzen duen instalazio bat jarri du Sarasate pasealekuan. Ordu erdiro pertsona bat sartzen da, erreleboka, "presoen errealitatea gerturatzeko" helburuarekin.

Inguruan, ehunka pertsonak ekitaldian parte hartu du, megafoniako mezuak entzunez. Presoak Euskal Herriko kartzeletara hurbiltzearen alde egiten dute, "salbuespeneko neurriekin bukatuta eta oinarrizko eskubideak errespetatuta".

Handik metro gutxira, ostiralean bezala, Anvitek Sareren ekitaldiaren kontra protestatzeko elkarretaratzia egin du, Egia, memoria, duintasuna eta justizia lelopean. 300 bat pertsonak hartu dute parte.

Gehienak ETAren biktimak eta biktimen senideak ziren. Bigarren planoan UPN, PSN eta PPko politikariak ere egon dira.

Jose Ignacio Toca Anviteko presidenteak hitz egin du ekitaldian. ETAk Nafarroan hildakoen izenak irakurri ditu.

Anviteren ekitaldia txalo zaparrada batekin bukatu da, eta Nafarroa, Espainia, Guardia Zibila eta Poliziaren aldeko oihuekin.

Bukatuta, hurbildutako asko joan dira, baina batzuk "Hemen gaude, guk ez dugu hiltzen" hasi dira oihukatzen, 50 metro eskasera zegoen Sareren taldeari zuzenduta. Gero, bertara abiatu dira.

Momentu horretan, kartzelako gelan Podemos-Orain Bai taldeko parlamentari Laura Perez zegoen, beste askorekin batera.

Sareko ekitaldiaren kontrakoak instalaziora heldu dira, eta bertan zeudenek "Hiltzaileak" eta "Pistolarik gabe ez zarete ezer" bezalako oihuak gertutik entzun dituztenean, "Euskal presoak etxera” oihukatuta erantzun diete. Espainiako Polizia bi taldeek bat egin ez zezaten saiatu da.

Ordu laurdenez luzatu da egoera, eta bertako batzuek elkarri aurre egin diote, baina liskarra oihuetan geratu da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Presoak ETA Terrorismoaren Biktimak