Politika -

Memoria historikoa

1937an fusilatutako bost milizianoren gorpuzkiak senideei eman dizkie Jaurlaritzak

Altun mendiko basoetan zulatutako lubaki batean fusilatu eta hobiratu zituzten. 2017ko azaroan topatu eta hobitik atera zituzten, 80 urte geroago.

Pedro Garcia Gilen senideak gorpuzkiekin, Iñigo Urkullu lehendakariaren aldamenean. Argazkia: EFE
Pedro Garcia Gilen senideak gorpuzkiekin, Iñigo Urkullu lehendakariaren aldamenean. Argazkia: EFE
Zeanurin topatutako 5 milizianoren gorpuzkiak senideei eman dizkie Urkulluk

0:51

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Facundo Perezagua Gudarosteko (PCE-EPK) bost milizianoren gorpuzkiak senitartekoei entregatu dizkiete Iñigo Urkullu lehendakariak eta Eusebio Larrazabal Zeanuriko (Bizkaia) alkateak. Zeanuriko Altun mendian fusilatu zituzten, 1937an.

Jose Maria Alberdi Ruiz, Pedro Garcia Gil, Isaias Rebollo Cardo, Pedro San Millan Beitia eta Valentin Fernandez Santos gazte fusilatuak Eusko Gudarosteko milizianoak ziren. Tropa frankistak aurrera egitea eragozteko, borroka egin zuten Barazar mendate inguruan.

Altun mendiko basoetan zulatutako lubaki batean fusilatu eta hobiratu zituzten, tresna eta identifikazio txapekin batera. 2017ko azaroan topatu eta hobitik atera zituzten, 80 urte geroago.

DNA azterketak egin eta nortasuna egiaztatu ondoren, gorpuzkiak senitartekoei eman dizkiete gaur, Valentin Fernandezenak salbu; izan ere, haren seniderik ez dute aurkitu. Ekitaldia Gogora Institutuan egin dute, Bilbon.

Horrela, Valentin Fernandezen gorpuzkiak Jon Hernandez PCE-EPKko idazkari nagusiari eta Marina Timofeva militante historikoari entregatu dizkiete.

Identifikatutako lau biktimaren senideek parte hartu dute omenaldian. Txapei, DNA probei eta ikerketa historikoari esker identifikatu dituzte. Gudarosteko kide guztiak identifikazio txapak jaso zituzten gerra hasieran.

Urkullu: "Desagertutako biktimen familiek jasandako sufrimendu bidegabea aitortzen dugu"

Lehendakariaz eta Eusko Jaurlaritzako sailburuez gain, Jonan Fernandez Giza Eskubidea, Bizikidetza eta Lankidetza idazkari nagusiak, Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendariak, Jon Hernandez PCE-EPKko idazkari nagusiak eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak parte hartu dute ekitaldian.

Identifikatutako bost milizianoak Euskadiko memoria historikoaren parte direla azpimarratu du lehendakariak bere hitzaldian.

“Desagertutako biktimen familiek jasandako sufrimendu bidegabea aitortzen dugu” gaurko omenaldiarekin, Urkulluk nabarmendu duenez. “Gure herriaren historian merezi duten tokia emateko” konpromisoa hartu du buruzagiak. “Topatzeko lanean jarraituko dugu, gure memoria inolako ahanzturarik eta isiltasunik gabe berreraikitzeko”, gaineratu du.

Senitartekoen izenean, Isaias Rebolloren iloba batek Eusko Jaurlaritzaren esfortzua eskertu du, senideen gorpuzkiak aurkitu eta hobitik atera ahal izateko.

Hiru milizianoren gorpuzkiak Duintasunaren Kolunbarioan, Elgoibarren (Gipuzkoa) hobiratuko dituzte orain. Gainerako biak senideak dauden hilerrietara eramango dituzte familiek, bertan lur emateko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iñigo Urkullu Bizkaia Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Memoria Historikoa Zer gertatu da Zeanuri herrian? Gogora