Politika -
NAFARROA
Karmele Solagurenen omenezko monolitoari eraso egin diote Barañainen
Barañaingo bizilaguna 2004an hil zen, dispertsioaren ondorioz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroan, ezezagunek Karmele Solagurenen omenezko monolitoari eraso egin diote Barañainen. Dispertsioaren biktima da, izan ere, 2004an hil zen auto istripuz, Alcalan preso zegoen semeari bisitan zihoala.
Karmele Gogoan Herri Ekimenak sare sozialetan salatu duenez, Karmele Solaguren dispertsioaren biktima aitortzen duen monolitoari eraso egin diote. Hain zuzen ere, Barañaingo Udalak dispertsioaren biktima gisa aitortu eta bi hilabetera gertatu da erasoa. Herri ekimenaren esanetan, Udalean giza eskubidean urratzen dituen eta 16 hildako eragin dituen (dispertsio) politika bat babesten duten alderdi politikoak daude.
Hori dela eta, eraso hori publikoki gaitzesteko eskaera egin die Karmele Gogoan Herri Ekimenak eragile politiko eta instituzionalei.
Aldi berean, dispertsioaren ondorioz hil diren bi nafarrak aitortzeko eskatu dio Gobernuari.