Politika -

Auzitegi Nazionala

Trapero epaitzeko Kataluniako auzitegien inpartzialtasuna zalantzan jarri du fiskalak

"Matxinada eta sedizioa Kataluniara bidaltzen baldin badute, inpartzialtasunik, lasaitasunik, egongo al da?", galdetu du Pedro Rubira fiskalak.

Saioa Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE
Trapero epaitzeko Kataluniako epaitegien inpartzialtasuna zalantzan jarri du fiskalak
Saioa Auzitegi Nazionalean. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mossoen buruzagi ohiak, besteak beste, Josep Lluis Trapero maiorra, epaitzeko Auzitegi Nazionalaren eskumena defendatu du gaur Pedro Rubira fiskalak. Horretarako, sedizio eta matxinada delituak epaitzeko garaian Kataluniako auzitegien inpartzialtasuna zalantzan jarri du Rubirak.

"Matxinada eta sedizioa Kataluniara bidaltzen baldin badute, inpartzialtasunik, lasaitasunik, egongo al da?", galdetu du Rubirak aurretiko saioan. Auzitegi Nazionalaren eskumenaren aurka aurkeztu dituzten alegazioak aztertzeko saioa izan da.

Fiskalaren adierazpenak ikusita, Fiskaltzak agiri bat plazaratu du, “Katalunian lan egiten duten magistratuen profesionaltasuna inola ere ezbaian jarri” nahi izan ez dutela argitzeko. Rubira Kataluniako krispazio giroaz ari zela esan du Fiskaltzak, eta lasaitasuna beharrezkoa dela erantsi du.

Lau akusatuetatik bik Auzitegi Nazionalaren eskumena zalantzan jarri dute: Cesar Puig Barne idazkari nagusi ohiak eta Pere Soler Mossoen zuzendari ohiak, hain zuzen ere. Traperok eta Teresa Laplana intendenteak ez dute alegaziorik aurkeztu, Auzitegi Nazionalak epaitzea onartuz.

Fiskaltza: "Ez dugu inola ere Katalunian lan egiten duten magistratuen profesionaltasuna ezbaian jarri nahi"

Aretoak eskumena 2017ko azaroan, instrukzioaren hasieran, hartu zuela azaldu du Jaume Alonso-Cuevillas Puigen abokatuak. Harrezkero, prozeduraren “esparru subjektiboa” aldatu dela argudiatu du Alonso-Cuevillasek, zenbait inputatu Auzitegi Gorenaren eskuduntza izatera pasa baitira.

Auzitegi Nazionalak auziarekin geratzeko egin duen irakurketa “trauskila eta arrunta” kritikatu du Puigen abokatuak. Azkenean akusatuak Auzitegi Nazionalak epaitzen baldin baditu, legeak aurreikusitako epailea izateko eskubidea urratuko luketela uste du.

“Auzi zehatz baterako salbuespeneko auzitegi bat martxan jarri izana” uler dezakete Europako epaitegiek, ohartarazi duenez.

Zentzu horretan, matxinada eta sedizioa “ez dira gobernu ereduaren aurkako delituak, eta ondorioz, Auzitegi Nazionalak ez du eskumenik”, defendatu du Pau Ferrer Pere Solerren abokatuak.

“Kataluniako erkidegotik kanpo gertatutako delitu bakar bat” identifikatu ez dutela nabarmendu du abokatuak. Honenbestez, eskumena Kataluniako auzitegiek izan beharko lukete, erantsi duenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Epaiketak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean