Politika -
Operazioa
Ertzaintzak bi gazte atxilotu ditu Gasteizen eta Amurrion
Ertzaintzak bi gazteak atxilotzeko erabilitako argudio “lauso eta ez oso sendoak” salatu ditu Sortuk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ertzaintzak operazioa abiatu du ostegun honetan, Amurrion eta Gasteizen. Auzitegi Nazionalak aginduta, bi lagun atxilotu dituzte, 2014an eta 2015ean egindako kale borroka ekintzekin zerikusia dutelakoan, Europa Press albiste agentziak jakitera eman duenez.
Polizia operazioa ez dute bukatutzat eman. Delikako eraikin bat eta bi atxilotuen etxebizitzak miatu dituzte, eta erasoak egiteko erabil zezaketen materiala zeukan zulo bat ere aurkitu omen dute.
Sortuk atxiloketak salatu ditu, sare sozialen bidez. Europa Pressek zehaztu du 25 eta 26 urteko Galder Barbado eta Aitor Zelaia direla atxilotuak. Lehena 2016an atxilotu zuten Gazte Danbadako pankarta bat egiteagatik, ustez indarkeria goratu zuelako.
19:00etan Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan eta Amurrioko plazan protesta egin du Ernai gazte erakundeak.
Ertzaintzak bi gazteak atxilotzeko erabilitako argudio “lauso eta ez oso sendoak” salatu ditu Sortuk.
Ertzaintzaren eta “Espainiako sistema judizialaren neurri bikoitza” deitoratu du Sortuk agiri batean; izan ere, auzi hau eta iragan urtarrilean Amurrioko baserri baten aurka tiro egin zuen polizia ohiarena alderatu dituzte.
Polizia ohia, Amurrioko epaitegian deklaratu ondoren, “aske” dagoen bitartean, ostegun honetan atxilotutako bi gazteak “Auzitegi Nazionalera eraman dituzte”, alderdi abertzaleak azaldu duenez.
“Espainiako justiziaren izaera arbitrarioa agerian geratu da beste behin ere. Ertzaintzaren jarrerak kezkatzen du”, azpimarratu du alderdiak.
Bi atxilotuak “berehala askatzeko” eskatu du. Atxiloketak “herri honek eraiki nahi duen bakearen eta elkarbizitzaren kontrako norabidean doaz”, nabarmendu du Sortuk.
Zentzu horretan, “ETAk borroka armatua utzi zuenetik zazpi urte baino gehiago pasa dira, ia bi urte armagabetzea bukatu eta ia urte bat desegin zenetik”, gogorarazi du.
“Ez da kartzelak betetzeko ordua, husteko baizik”, adierazi du Sortuk. Azkenik, “herri honek benetako bake eta normalizazioa lortzeko akordio eta adostasunetara heltzeko borondate osoa” agertu du.