Politika -

Memoria historikoa

Nafarroako Auzitegiak artxibatu egin du frankismoaren kontrako kereila

Iruñeko Udalak eta hainbat herritarrek aurkeztu zuten kereila, 2017ko martxoan. Auzitegiaren arabera, delituak preskribatuta daude eta ez dira gizateriaren kontrakoak.

Asiron, herritar batzuekin batera, kereila aurkeztu eta gero. ETBko bideo batetik ateratako argazkia
Asiron, herritar batzuekin batera, kereila aurkeztu eta gero.
Asiron, herritar batzuekin batera, kereila aurkeztu eta gero. ETBko bideo batetik ateratako argazkia

Agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Lurralde Auzitegiko Bigarren Sekzioak artxibatu egin du 2017ko martxoan Iruñeko Udalak eta hainbat herritarrek frankismoaren kontra aurkeztutako kereila kriminala. Auzitegiaren iritzian, delituok preskribatuta daude, eta ez dira gizateriaren kontrako krimenak.

Lourdes Etxeberria abokatuak prentsaurrekoan azaldu duenez, Auzitegiak nabarmendu du Iruñeko Udalak ez duela frankismoaren auzi orokorraren kontra kereila aurkezteko eskumenik. Salatzekotan, 1936an hil zituzten zinegotzi eta udal langile auziagatik aurkeztu ahalko luke kereila.

Etxeberriaren esanetan, Auzitegiak onartu du frankismoko gertakariak ikertu behar direla, baina ikerketok ez dagozkie epaitegiei, gizarte erakundeei baizik. Abokatuak uste du argudio hori "kontraesana" dela, gizarte erakundeetako kideak izan baitira ikerketa bat eskatuz kereila aurkeztu dutenak.

Desagertzeei buruz, autoak aitortzen du hainbat lagun desagerrarazi zituztela garai hartan, baina igaro den denbora kontuan hartuta, litekeena dela hilda egotea, eta beraz, ez lirateke desagertzeak izango.

Ez dira gizateriaren kontrako krimenak, Auzitegiaren arabera¿

Kereilan frankismoko krimenak gizateriaren kontrakotzat jo zituzten salatzaileek. Auzitegiarentzat, ordea, ezin dira halakotzat jo, gertakariak jazo zirenean gizateriaren kontrako delituak ez zeudelako jasota Zigor Kodean. Hala, hilketa, desagertzea eta legez kontrako atxiloketa bakarrik egotzi ahal zaie buruzagi frankistei. Horrez gain, delituak preskribatuta daudela uste dute epaileek.

Lourdes Etxeberria abokatuak horren aurrean esan du irizpide hori nazioarteko zuzenbidearen kontrakoa dela. Izan ere, mota horretako gertakariak beti jo behar dira gizateriaren aurkakoak,  herrialde horren unean uneko legeetan ez direlako inoiz horrela tipifikatuta egoten. Gogorarazi duenez, NBEk berak eskatu dio Espainiako Estatuari delitu horiek ikertzeko eta auzibideei eusteko. 

Iragarri dutenez, Auzitegi Konstituzionalera joko dute orain, eta gero, beharrezkoa bada, Europako Giza Eskubideen Auzitegira.

"Autoa biktimei aurpegian emandako aurpegikoa da"

Argudio juridikoen berri emateaz gain, autoa salatzeko agiria irakurri dute kereila aurkeztu duten biktimen senitarteko eta errepresaliatuen elkarteko kideek. Nabarmendu dutenez, erabakia ez da ulergarria eta galdera bota diete epaileei: "Ba al da modurik 36ko kolpe militarrak hildako edo desagerraraziko 3.000 pertsonak egia, justizia eta erreparazioa jasotzeko?"

Bozeramaileen hitzetan, autoa frankismo garaian hildako pertsonei eta euren familiakoei emandako "aurpegikoa" da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Iruñea Nafarroa Eguneko albisteak Albisteak Frankismoa Iruñeko Udala Memoria Historikoa