Politika -

Eusko Legebiltzarra

Epaia irmoa izan arte Altsasuko gazteak aske uzteko eskatu du Legebiltzarrak

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek onartu dute adierazpena. Auzipetuei ezarritako kartzela-zigorrak gehiegizkoak direla salatu dute. 

Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE
Eusko Legebiltzarra.
Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Epaia irmoa izan arte Altsasuko auzian zigortutako gazteak aske uzteko eskaera egin du gaur Eusko Legebiltzarrak, ezarritako zigorrak "gehiegizkoak" direla eta "espetxean denbora luzea" daramatela iritzita.  

EAJk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek batera aurkeztu dute ekimena Giza Eskubideen Batzordean. PSE-EEk eta PPk adierazpenaren aurka egin dute. 

Altsasuko gazteei bi eta 13 urte arteko espetxe-zigorra ezarri zieten, eta orain aldeek epaiari aurkeztutako helegiteak aztertzen ari dira Auzitegi Nazionalean.

Legebiltzarrak gaur onartutako adierazpenean "ebazpen judizialak errespetatzen" dituela esan du, baina auzia Auzitegi Nazionalean epaitu izana kritikatu du. Halaber, instrukzio fasea, ahozko epaiketa eta sententzia bere zalantzan jarri ditu, defentsarako eskubidea urratu zela iritzita, "Amnistia Internazionalak salatu zuen moduan".

Ildo berean, errugabetasun presuntzioa, defentserako eskubidea eta zigorraren proportzionaltasuna bermatu behar direla aldarrikatu dute.

Gauzak horrela, "ibilbide judiziala amaitu artean" Altsasuko gazteak aske utz ditzatela eskatu dute, zigorrak gehiegizkoak direla eta dagoeneko bi urte eta erdi preso daramatela nabarmenduta.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EAJ-PNV Eusko Legebiltzarra EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Podemos Ahal Dugu Euskadi Altsasu