Politika -

A28 hauteskundeak

Hauteskunde orokorrak apirilaren 28an izango dira

'Ezertxo ere egin gabe jarraitzearen ala espainiarrei ahotsa ematearen artean, bigarren aukera hautatzen dut', azaldu du Pedro Sanchez Espainiako presidenteak.

Sanchez, Moncloan egindako agerraldian. EFE
Pedro Sanchez
Aurrekontu gabe ezin dela gobernatu argudiatu du Sanchezek hauteskundeak deitzeko

1:38

EIDER GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko apirilaren 28a, data hori aukeratu du Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak hauteskunde orokorrak egiteko.

Sanchezek agerraldia egin du goizean, Moncloa jauregian, bozak aurreratzen dituela iragartzeko eta data zehatza jakinarazteko. Asteon 2019ko aurrekontuak atzera bota ditu Kongresuak, eta horrek erabakia azkartu du. Aurrez, aparteko ministroen kontseilua bildu du Espainiako presidenteak, ministroei hauteskundeen dataren berri emateko.

Agur kutsua izan du agerraldiak. Bertan bederatzi hilabete hauetan bere exekutiboak egindako "lorpenak eta aurrerapausoak" aletu ditu buruzagi sozialistak eta "Espainiarentzat onak diren gauzak" egin dituztela nabarmendu du. Besteak beste, ganberan blokeatuta zeuden 13 lege onartzeko gai izan direla aipatu du, baita 25 errege dekretu onesteko ere.

"Zoritxarrez, ez dugu oposizio kontserbadorearen leialtasuna izan", deitoratu du, Alderdi Popularra eta Ciudadanos hizpide hartuta. "Dena geldituta geratu da PPren eta Ciudadanosen filibusterismo parlamentarioaren erruz", erantsi du.

2019ko aurrekontuen proiektuak jasotako ezetzaren harira, honakoa esan du presidenteak: "Asteon blokeo batekin egin dugu topo, ezezko batekin". Sanchezen iritzian, bi aukeren artean hautatu behar izan du, "ezertxo ere ez egin eta gobernatzen jarraitzearen artean" ala "espainiarrei ahotsa ematea". Bigarrena aukeratu du Espainiako presidenteak, "Espainiak aurrera egiten jarraitu behar du", argudiatu du.

Hauteskundeak aurreratu behar izana gorabehera, "legegintzaldiaren azken minutura arte lanean" jarraituko duela nabarmendu du Sanchezek. "Pentsioen eguneratzea, gutxieneneko soldataren igoera edo funtzionarioen soldata igotzea, aurrekontuak izan ala ez, bermatuta daude".

Gorteak martxoaren 5ean desegingo dituzte

Hauteskundeen egutegiaren arabera, gorteak desegiteko dekretua martxoaren 5ean (54 egun lehenago) argitaratu behar da Estatuko Aldizkari Ofizialean, eta horretarako ministroen kontseiluak martxoaren 1ean onartu behar du.

Kazetariek beste data batzuen inguruan galdetu diote (apirilaren 11 edo maiatzaren 26a), baina Sanchezek aukeratutakoa —apirilaren 28a— "data ona" dela azpimarratu du.

Kataluniako independentistek aurrekontuei emandako 'ezetza' eta proces auziari buruz, "elkarrizketarako borondatea" agertu du presidenteak, eta PPren Gobernuak izandako jarrera kritikatu du: "Errealitatea ukatu zuten eurek. Nik ez diot elkarrizketari muzin egingo. Oposizio kontserbadoreak eragindako blokeo egoeratik atera behar dugu politika".

Erreakzio soka luzea

Sanchezen agerraldia amaitu ostean, errenkadan etorri dira oposizioko alderdiko buruzagien prentsaurrekoak. Pablo Casado izan da hedabideen aurrera ateratzen lehena. Hauteskundeak aurreratzearen merezimendua Alderdi Popularrarena dela esan du: "Sanchezen Gobernuak amore ematea lortu du PPk".

Pablo Casado

Casado, pozarren, prentsaurrekoan. Argazkia: EFE

Irene Montero Podemosek Kongresuan duen bozeramaileak nabarmendu duenez, alderdi morea hauteskundeetarako "prest" dago, eta uste du gainera "atzerakoiek" Gobernura heltzea saihestuko duen "boto erabilgarriena" dela Podemos.

Albert Rivera Ciudadanoseko buruzagia pozik azaldu da hauteskunde aurrerapenarekin. Apirilaren 28ra begira, dei egin die herritarrei hautetsontziak "boto konstituzionalistekin" betetzera, hartara, bera buru izango lukeen "gobernu liberal" bat edota Casadok gidatuko lukeen "gobernu kontserbadore" bat osatuko litzateke.

Euskadin, Iñigo Urkullu lehendakaria mintzatu da aurrena. Horren iritzian, hauteskundeak aurreratzeak "irtenbideak atzeratzea" baino ez du ekarriko. Euskal alderdiei dagokienez, "prest eta pozik" azaldu da EAJ. EH Bilduk, berriz, Sanchez kritikatu du "nekez" leporatu diezaiekeelako "hauteskundeak aurreratzearen ardura beste indar batzuei".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako hauteskunde orokorrak gaur Espainiako Gobernua albisteak Espainia Pedro Sánchez argazkiak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Hauteskundeak gaur