Politika -
Lehen agerraldi publikoa
Rubalcaba lanean da berriro 11 egun gaixotasunak jota pasa ondoren
Gernu-infekzioa gaindituta, "Marañon oilaskoaren energiarekin" bueltatu dela esan du presidenteordeak; Gregorio Marañon ospitalean jandako oilaskoak lagunduta, alegia.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Gobernuko lehen presidenteordeak eta Barne ministroak atzo, osteguna, ekin zion berriro lanari eta gaur, ostirala, lehen agerraldi publikoa egingo du, Ministro Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan.
"Zuek ikusteaz pozten naiz", esan die irrifartsu Rubalcabak Ministroen Kontseiluko prentsaurrekora joan diren kazetariei.
Gainera, Barne ministroak Gregorio Marañon Ospitaleko langileei eskerrak eman dizkie, mediku, erizain eta laguntzaileei, "izugarri ondo" zaindu dutelako.
Era berean, ospitaleko sukaldaria bereziki eskertu nahi izan du, "Marañon oilaskoaren" errezeta emateagatik. Oilaskoa Rubalcabaren jakirik gustokoena omen da eta gaur azaldu duenez, ospitalean jandako oilaskoak "energia" berezia eman dio.
Ostegunean bulegora joan zen
Presidenteordetzako iturrien arabera, Rubalcaba ostegunean bueltatu zen bulegora azken 11 egunak gernu-infekzio batek jota igaro ondoren. Infekzio hori prostata-biopsia bat egin ostean sortu zitzaion. Biopsia horretan ez zuten minbiziaren arrastorik ikusi.
Infekzioaren eraginez, Rubalcabak sukar oso altua izan zuen eta igandean, martxoak 6, ospitalera eraman behar izan zuten. Presidenteordeak egunbete pasa zuen ZIUn sukarra kontrolpean izan zuten arte. Iragan ostiralean, martxoak 11, Rubalkabari alta eman zioten eta azken egunak etxean igaro ditu.
Gauzak horrela, Barne ministroa ez zen iragan ostiraleko Ministroen Kontseiluko prentsaurrekoan egon. Bere ordez, Ramon Jauregi Presidentetzako ministroa agertu zen kazetarien aurrean.