Politika -
Ebakuntzaren ondoren
Barkos 'indartsu' itzuli da politikara
Nafarroa Bairen Iruñeko Udaleko bozeramaile eta Kongresuko diputatua lanera itzuli da. Martxoaren 2an bularreko minbizia kentzeko ebakuntza egin zioten.
Erredakzioa
Uxue Barkos Iruñeko Udaleko Nafarroa Bairen bozeramaile eta Kongresuko diputatua "indartsu" itzuli da politikara. Martxoaren 2an bularreko minbiziagatik egin zioten ebakuntzaren ostean lehenengo udal batzarrera joanda.
Udaletxera iritsi denean Barkosek kazetariei adierazi dienez, "poliki-poliki" ekingo dio politika jardunari, medikuek hala eskatu diotelako. Hori horrela, gaur "poliki-poliki hasteko egun egokia" zela esan du.
"Etxetik lan egiteko" asmoa duela zaldu du Barkosek, osatzeko prozesua eta aste honetan bertan hasiko duen tratamendua egoki hasi eta bukatzeko asmoz. Hori horrela, medikuek esaten diotenaren arabera "Udaleko eta Kongresuko lanak" egiten hasiko dela esan du.
"Oraindik tratamendua dut egiteko, baina egia da esperientzia honekin asko ikasiko dudala, emakume asko ezagutzen ari naiz eta eredu bilakatu dira niretzat gaixotasunari aurre egiteko", azpimarratu du maiatzeko udal-hauteskundeetan Iruñeko alkategai izango denak.
Animoz oraindik "baxu" dagoela aitortu du, baina "talde lanean jarduteko indartsu".
Barkosek azaldu duenez: "Hauteskunde-kanpaina egokitu egingo dugu tratamenduan dagoen hautagai bati dagokion modura, baina ez dugu talde edo proiektu txikiagoa osatuko".
Beldurrik ez duela esan du Barkosek, baina "kezka logikoa" baduela, "ezagutzen ez dugunarekiko beldurra" besterik ez.