Politika -
Autogobernua eraikiz
Autogobernuari buruzko ekarpenak egiteko moduak: postaz, internetez edo telefonoz
Herritarrek estatutu berria diseinatzeko lanetan parte hartzea nahi du Legebiltzarrak, eta hori dela eta, hiru aukera eman ditu proposamenak helarazteko. Ekainera arte dago epea.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Legebiltzarrak hiru bide jarri ditu martxan herritarrek Autogobernu Lantaldearen txostenaz eta zenbait alderdik aurkeztutako boto partikularren inguruan iritzia eman dezaten: telefono zenbaki bat, webgune bat eta posta arrunteko helbide bat.
'Autogobernua eraiki' plataforma aurkeztu dute Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidenteak eta Jone Berriozabal Autogobernu Lantaldeko presidenteak astelehen honetan, herritarrek euren iritzia eman ahal izateko.
Testigantzak Legebiltzarreko talde politiko guztiei eta Gernikako Estatutuaren erreforma idazteko ardura duten adituei bidaliko dizkiete. EAJk eta EH Bilduk adostutako oinarriak (Elkarrekin Podemosek arlo sozialak babestu zituen) zein koalizio morearen, PSE-EEren eta PPren boto partikularrak hizpide izan ditzakete herritarrek mezuetan.
Parte hartzeko gutun bat postaz Eusko Legebiltzarraren helbidera bidali, 945 00 42 53 telefonora deitu edo www.autogobernua.eus atarian iruzkin bat uzteko aukera izango da. Mekanismoak martxan egongo dira astelehen honetatik ekainera bitartean; orduan adituek euren lana bukatzea espero baita.
Ahots-postontzian utzitako mezuak transkribatu eta Legebiltzarreko taldeen eta adituen esku jarriko dituzte, baita gutunak eta Internet bidez heltzen diren ekarpenak ere.
Azken metodo horren bidez ekarpena egiteko, erregistratzea beharrezkoa izango da, eta horretarako adinez nagusi izan behar da. Ez da muga geografikorik izango; ondorioz, Euskaditik kanpo bizi diren herritarrek iritzia eman ahal izango dute, nahiz eta Estatutuaren erreformak ez eragin.
Zentzu horretan, garrantzitsuena parte-hartzea dela azpimarratu dute Berriozabalek eta Tejeriak. Gaiaren inguruko ekarpenak izan behar dira, horixe da muga bakarra, gogorarazi dutenez. Era berean, irainak onartuko ez dituztela azaldu dute.
Horrela, jasotzen diren testu guztiak aztertuko dituzte webgunean argitaratu baino lehen, baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko, baina sekula ez “eztabaida bahitzeko”, Legebiltzarreko presidenteak nabarmendu duenez.