Politika -
Elkarrizketa ETBn
Egibar: 'Kutxen bat-egitea ongi etorria izango da edozein eratara'
Gipuzkoako EAJren presidenteak azaldu duenez, bere alderdiaren apustua "batzea eta biderkatzea" da, baina "hoberena hiruko bat-egite beroa" da.
Erredakzioa
Joseba Egibar EAJren Legebiltzarreko bozeramaileak esan du euskal kutxen bat-egitea "ongi etorria" izango dela "edozein eratara".
ETBko ''Egunon Euskadi'' saioan egin dioten elkarrizketa batean Egibarrek azaldu duenez, bere alderdiaren apustua "batzea eta biderkatzea" da, baina "hoberena hiruko bat-egite beroa" da.
Haren esanetan, "euskal kutxek badute kaudimena eta elkartzeko eta batzeko ahalegina egin behar dute". Horretarako, Egibarrek uste du pausoak ematea eta erabakiak hartzea kutxei dagokiela.
Epeak aipatu nahi izan ez baditu ere, GBBren presidenteak esan du BBK, Kutxa eta Vital "elkartzeko esfortzuetan partehartzearen alde" daudela "hein handi batean".
Buruzagi jeltzaleak kritikatu du "alderdi politikoren batek betoa egin duelako" ez dela bat-egitea gauzatu.
Ez dute Hamaikabatekin koaliziorik egingo
Egibarrek esan du "erabat baztertu" dutela Hamaikabatekin koalizioa osatu eta maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan elkarrekin aurkeztea.
Ezker abertzalea hauteskundeetan izango da
Bestalde, Egibarrek ziur esan du ezker abertzalea maiatzeko hauteskundeetan izango dela. "Ziur nago ez duela boto baliogaberik edo abstentzioa eskatuko, parte hartuko dute", adierazi du.
Gipuzkoako EAJren presidentearen esanetan, Sortu legezko alderdia ez bada ere "hauteskundeak iristerako", ezker abertzalea koalizioan joango da EArekin eta Alternatibarekin, nahiz eta Poliziak hautagai zerrenden ikerketetan indar handia jarri.