Politika -

HAUTESKUNDE OROKORRAK

EH Bildu eta ERC elkartu ostean 'aktore berriak' sartuko dira jokoan, Otegiren ustez

EH Bilduren koordinatzaileak azaldu duenez, "amaitu da Kongresuan eta Senatuan sigla politiko batzuen ikuspegitik parte hartzeko garaia".

Arnaldo Otegi Portugaleten. Argazkia: EITB
Arnaldo Otegi Portugaleten.
Arnaldo Otegi Portugaleten. Argazkia: EITB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusiak esan du ERCrekin batera lan egiteko akordioari esker, "Asturiasko, Galiziako, Kanarietako eta Aragoiko aktoreek" ere bat egingo dutela "ziurrenik" ekinbidearekin.

Iker Gil Portugaleteko EH Bilduren alkategaia aurkezteko egindako ekitaldi batean egin ditu adierazpenok Otegik.

Buruzagi abertzaleak esan du "amaitu dela Kongresuan eta Senatuan sigla politiko batzuen ikuspegitik parte hartzeko garaia". Espainiako eta Europako erakundeetan "esku hartzeko eredu hori aurreko fasekoa, autonomikoa" dela azpimarratu du.

Era berean, ERCrekin adostutako gutxieneko programa hori "argia" dela azaldu du, eta "autodeterminazio eskubidea, preso politiko guztien askatasuna eta murrizketa sozialen kontrako jarrera" jasotzen dituela.

Hori horrela, Estatuko subiranisten artean "fronte zabal aurrerakoia" osatzearen alde agertu da, eta ERCrekin lortutako akordioa bide horretan doala ospatu du.

"Aurreratzen dizuet asko izango garela Kongresuan eta Senatuan, eta guztiz erabakigarriak izango garela. Indartsu egongo gara subiranista ezkertiarrak Europako Parlamentuan eta Madrilgoan", gaineratu du.

Azkenik, eta "datozen asteetan albiste on gehiago" emango dituzten esperantzarekin, esan du garrantzitsua dela apirilaren 28ko bozetan emaitza ona lortzea, maiatzeko hauteskundeei aurre egiteko.

Apirilaren 28an ERCrekin batera aurkezteko erabakiaz gain, EH Bilduk atzo iragarri zuen Senatura Geroa Bairekin, Podemosekin eta Ezkerrarekin batera aurkeztuko dela Nafarroan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi Politika Europako hauteskundeak Hauteskunde orokorrak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Kataluniako Ezker Errepublikanoaren albisteak