Politika -

Auzitegi Nazionala

ETAko 'Otazua' taldeko ustezko hiru kide espetxera bidali dituzte

Daniel Pastorrek, Iñigo Zapirainek eta Beatriz Etxebarriak deklaratu ostean hartu du erabakia Andreu epaileak. Puellesen hilketa eta Burgoseko koartelaren aurkako atentatua egotzi die epaileak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Otazua taldeko lau ustezko kideetatik hiru espetxera bidali ditu gaur Fernando Andreu Auzitegi Nazionaleko epaileak. Martxoaren 1ean atxilotu zituzten Bizkaian, Eduado Puelles polizia hiltzea eta Burgoseko Guardia Zibilaren koartelaren aurka atentatua egitea egotzita.

Iturri juridikoek azaldu dutenez, Daniel Pastor Txirula, Iñigo Zapirain Aritza eta Beatriz Etxebarria Kot goizean galdekatu ostean kartzelara bidaltzeko erabakia hartu du magistratuak. Behin behineko espetxealdian zeuden hirurak, Fernando Grade-Marlaska epailearen aginduz. ETAko kide izatea, armak izatea eta agiri ofizialak faltsutzea leporatu zien epaileak.

ETAko ustezko hiru kide horiekin batera Lorena Lopez, Pastorren neska-laguna, atxilotu zuten. Era berean, Lopez preso dago, Marlaskaren aginduz, baina ez du gaur deklaratu, Puellesen hilketan eta Burgoseko atentatuan zerikusirik ez duelako.

Hilketa delitu bat leporatu die Andreuk, Puellesen aurkako erasoarengatik, eta txikizio delitu bat, Burgoseko koartelaren aurkako atentatuarengatik.

Beste eraso batzuk

Atentatu horietaz gain, Guriezoko (Kantabria) eta Arnotegi mendiko (Bizkaia) errepikagailuetan lehergailuak jartzea egotzi die Andreuk, 2009ko maiatzean eta 2008ko azaroan, hurrenez hurren.

ETAko ustezko hiru kideek deklaratzeari uko egin diote. Hala ere, Pastor hiru atxilotuen bozeramaile bilakatu da eta Guardia Zibilaren aurrean egindako aitorpenak torturapean egin zituztela salatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea