Itxi

Politika

Katalunia

Begizta horiak kentzeko gomendatu dio Kataluniako Herritarren Defendatzaileak Torrari

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Herritarren Defendatzailearen gomendioa jarraituko du Generalitateko presidenteak, baina, aldi berean, begizta horiak kentzeko agindurik emango ez duela berretsi du.

1:40
Rafael Ribo, Sindic de Greuges

Hauteskunde garaian begizta horiak eta sinbolo politikoak Generalitatearen eraikin publikoetatik kendu ditzala gomendatu dio Rafael Ribo Kataluniako Herritarren Defendatzaileak Quim Torrari.

Espainiako Hauteskunde Batzordeak begizta horiak kentzeko agindua eman zion Generalitateko presidenteari, baina honek aukera hori baztertu eta Kataluniako Herritarren Defendatzailearen gomendioari soilik egingo ziola kasu nabarmendu zuen.

Herritarren Defendatzaileak, laburbilduz, zera dio: urte guztian, adierazpen askatasuna gailendu behar dela eraikin publikoetan, baina hauteskunde garaian, Espainiako Hauteskunde Batzordeak esandakoa babesten duela.

Hortaz, hauteskunde garaian –hauteskundeak deitzen direnetik bozketa eguna amaitu arteko denbora tartea- begizta horiak, bandera independentistak eta bestelako sinbolo politikoak Generalitatearen eraikin publikoetatik ken ditzala gomendatu dio Torrari.

Herritarren Defendatzaileak jakinarazi duenez, txostena joan den ostiralerako egin zuten eta Torrak bazuen haren berri, baina Generalitateko presidenteak hainbat gauza argitzea eskatu zuen eta horregatik erabaki zuten orduan publiko ez egitea.

Zalantzak argituta, dokumentuaren xehetasunak gaur argitaratu dituzte.

Torrak gomendioari helduko dio

Herritarren Defendatzailearen erabakia publiko egin eta gero, Torrak oharra kaleratu du erakunde horren gomendioak jarraituko dituela esanez, baina, aldi berean, Generalitatearen eraikinetatik begizta horiak kentzeko agindurik emango ez duela berretsiz.

Generalitateko presidentearen arabera, begizta horiak "adierazpen askatasunaren ikur dira", eta ez sinbolo alderdikoiak.

Gauzak horrela, Kataluniako Gobernua begizta horiak beste ikur batzuengatik ordezkatzeko aukerak aztertzen ari da.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena