Politika -

Kataluniako auziaren epaiketa

Guardia zibila:'Errepublikarako finantzazioa Txinan lortzen saiatu zen Generalitatea'

Ostegun honetako saioan hamar bat guardia zibilek deklaratu dute lekuko gisa, eta horietako batek euskal gatazkarekin alderatu du Katalunian gertatutakoa.

Kataluniako prozesu independentistaren epaiketako epaimahaia. Argazkia: EFE
Kataluniako prozesu independentistaren epaiketako epaimahaia.
Kataluniako prozesu independentistaren epaiketako epaimahaia. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako prozesu independentistaren epaiketan lekuko gisa deklaratu duen guardia zibil batek esan du Errepublikarako finantzazioa Txinan lortzen ahalegindu zela Generalitatea. Hala ondorioztatu zuten Josep Lluis Salvado Kataluniako Ogasun idazkari ohiari antzemandako dokumentazioa aztertuta.

Lekuko honen arabera, independentzia aldarrikatu eta Zerga Agentzia propioa martxan jarri arte, 4.500 milioi euro beharko zituztela kalkulatu zuten buruzagi independentistek. Diru hori biltzeko, zerga sistema publiko bat ezartzeko plana egitera iritsi zirela gaineratu du.

Horrez gain, udaletxeen bidez 6.000 milioi euro eta Gobernuaren diru-sarreratik 1.300 milioi euro jasoko zituztela aurreikusi zuten, baina, hala ere, Txinan 11.000 milioi euroko finantzazioa lortzea ezinbestekoa zela ondorioztatu zuten. Errepublika sostengatzeko 22.000 milioi euro biltzea zen asmoa, guardia zibilaren esanetan.

Hau guztia aurrera eramateko aplikazio informatikoak ezartzen hasi zirela eta lan hori IBM konpainiari agindu ziotela ere kontatu du. Kasu horretan, 240.000 euro erabili zituztela erantsi du.

Halaber, guardia zibilak azpimarratu du Pere Aragones Generalitateko presidenteordea arduratu behar zela atzerrian finantzazio lortzeaz eta Kataluniako Banku Zentrala sortzeaz. Zerga bilketaren kudeaketa, ostera, Salvadoren eginkizuna izango zela gaineratu du.

Euskal gatazkari aipua

Bestalde, gaurko saioan deklaratu duen beste guardia zibil batek Euskal Herrian bizitako gatazkarekin alderatu du Katalunian gertatutakoa.

2017ko irailaren 20an Bartzelonako pabilioi batean hamar milioi boto-paper antzeman zituztela eta kanpoan bildutako manifestariengandik "irainak eta mehatxuak" jasan zituela eta agenteei "txistua bota" zietela kontatu du.

"Jainkoari esker, nik ez du euskal gatazka ezagutu, baina nire lankide beteranoek esan zidaten egoera hark euskal gatazkaren hasierarekin antz handia zuela", adierazi du epaiketan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean Kataluniako Generalitatearen albisteak