Politika -
Osoko bilkura
Urkulluk salatu du oposizioak Jaurlaritza 'higatzea' besterik ez duela helburu
Lehendakariak aitortu du gutxiengoan daudela, baina legegintzaldi hasieran bezalaxe, baina oposizioaren jarrera dela aldatu dena.
agentziak | erredakzioa
Iñigo Urkullu lehendakariak PPren, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen jarrera kritikatu du, "Jaurlaritza higatzeko asmo hutsarekin" bat egiten dutelako. Gainera, PPri esan dio "harritu" egiten duela oposizioa egiteko modu horrekin bat egin izana, "euskal muturreko ezkertiar iraultzaileena" delako.
Erantzun horixe eman dio Urkulluk Alfonso Alonso PPren EAEko buruari, horrek Jaurlaritzaren "ahultasuna" eta "krisia" leporatu dionean. Izan ere, buruzagi popularraren ustez, Jaurlaritza "geldirik dago", "norabiderik gabe", eta hondoratzeko bidean.
Lehendakariak aitortu du Jaurlaritzak gutxiengoa duela Legebiltzarrean, baina Legegintzaldi hasieran bezalaxe, eta azpimarratu du aldatu dena oposizioa dela: "PPk, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek botoak batzen dituzte Jaurlaritza higatzeko helburu hutsarekin".
Urkulluren ustez "errespetagarria" da PPk EH Bildu eta Elkarrekin Podemos "sozio estrategiko gisa edukitzea oposizioa egiteko", baina gaineratu duenez, "harrigarria da historikoki Espainiako eskuindar moderatuak izan direnek euskal muturreko ezkertiar iraultzaileen oposizioa egiteko moduarekin bat egitea".