Politika -

Manifestua

Frantziako 41 senatarik Kataluniako buruzagien aurkako 'errepresioa' salatu dute

Frantziaren eta Europako beste gobernuen esku-hartzea bilatu nahi du manifestuak, “bitartekaritza bat izateko”, egungo egoerak “ez diolako inori mesederik egiten”.

Kataluniako buruzagi independentistak Auzitegi Gorenean. Artxiboko argazkia: EFE
Kataluniako buruzagi independentistak Auzitegi Gorenean. Artxiboko argazkia: EFE
Kataluniako buruzagi independentistak Auzitegi Gorenean. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Frantziako ezkerreko zein eskuineko alderdietako 41 senatarik Kataluniako buruzagi independentisten kontrako “errepresioa” salatu dute. Frantziaren eta EBren esku-hartzea eskatu dute adierazpen batean, “elkarrizketarako baldintzak berreskuratzeko”.

François Calvetek azaldu duenez, Frantziaren eta Europako beste gobernuen esku-hartzea bilatu nahi du manifestuak, “bitartekaritza bat izateko”, egungo egoerak “ez diolako inori mesederik egiten”. Calvet ekimenaren bultzatzaileetako bat eta Ekialdeko Pirinioetako (Kataluniaren Iparraldea) ordezkaria da.

“Europa irtenbideak bilatzen saiatu behar da, ez besoak uztarturik gelditu”, “tentsioak gora egin duelako eta gaizki amaitu daitekeelako”, ohartarazi du alderdi kontserbadoreko senatariak.

“Estatu zentralaren eta Kataluniaren arteko eztabaida bat izatea” nahi dute. “Elkarrizketa maila judizialera ez eramatea”, aldarrikatu dute, Espainiako Auzitegi Goreneko epaiketari erreferentzia eginez.

Adierazpena Andre Gattolin Errepublika Martxan alderdiko (Emmanuel Macron Frantziako presidentearen alderdikidea) senatariaren blogean argitaratu dute. Sinatzaileek “arazo politiko bati konponbide politikoak aurkitzeko, elkarrizketarako baldintzak berreskuratzeko esku hartzea eskatzen diete Frantziari eta Europar Batasuneko estatuei”.

"Europa irtenbideak bilatzen saiatu behar da, ez besoak uztarturik gelditu"

“Katalunian askatasuna eta oinarrizko eskubideak errespetatzea, noski herrialdearen arazo politikoetan sartu barik eta Kataluniako independentziaren inguruko gaian norbaiten alde egin gabe”, eskatu dute 41 sinatzaileek. Frantziako Senatuak 348 kide ditu.

Gainera, “hautetsi kardudun legitimoen eta Kataluniako Generalitatearen ordezkari politiko kartzelatu edo erbesteratuen aurkako errepresioa”, salatu dute.

Madrilgo Gorenaren aurrean Kataluniako arduradunak jasotzen ari diren tratua azaltzeko “errepresio” hitzaren erabilpena justifikatu du Calvetek, “preso politikoak” direlako. “Ezin da jendea bere uste sendoengatik atxilotu”, erantsi dutenez.

41 senatarien hitzetan, politikari horien egoera “eskubide eta askatasun demokratikoen aurkako benetako eraso” bat da. “Frantzian egoeraren larritasuna gutxietsi dute”, kritikatu dutenez.

Azkenik, Fernando Carderera Espainiako enbaxadoreak manifestua “deitoratu eta errefusatu” du. Cardereraren ahotan, “Frantziako senatari talde txiki batek Espainiako egoeraren inguruan duen ezjakintasuna agerian geratu da”.

"Espainiako marko konstituzionala" errespetatu behar dela errepikatu du Frantziak

Bestalde, Espainiako demokrazian eta Zuzenbidezko Estatuan konfiantza duela berretsi du Frantziako Gobernuak. Aldi berean, Kataluniako egoeran muturrik ez sartzeko dei egin du.

“Espainiako marko konstituzionala errespetatzeko konpromiso iraunkorra berretsi du Frantziak. Marko horretan, zuzenbidezko Estatuan, Kataluniako gaia eztabaidatu behar dute”, azaldu du Frantziako Atzerri Ministerioak agiri batean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Paris Kataluniako erreferenduma Frantzia Eguneko albisteak Albisteak