Politika -
Foru hauteskundeak
Uxue Barkos: 'Nafarroako autogobernuaren defentsa dago jokoan'
Nafarroako presidenteak ukatu du Geroa Baik hauteskunde osteko balizko akordioen inguruan 'marra gorriak' dituela, baina aitortu du UPNren eta PPNren proposamen batzuekin 'alarma gorria' dutela.
Agentziak | Erredakzioa
Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidenteak ohartarazi duenez, datozen hilabeteetan "Nafarroako autogobernuaren defentsa" egongo da jokoan. Geroa Baiko zerrendaburuaren ustez, autogobernua eskubide historikoa ez ezik "abangoardiaren trena ez galtzeko oinarrizko elementua ere bada .
"Nafarroa autogobernuaren defentsan" izeneko hitzaldia eskaini du gaur Barkosek Ser Navarra foroan, eta azken lau urteotan lauko gobernuak izandako lorpenak errepasatu ditu. Barkosen aburuz, "Nafarroako gizarteak zentzu handiarekin hartu du gobernu aldaketa, apokalipsiaz ohartarazten zuten iragarpen faltsuak gaindituta".
Maiatzaren 26ko foru hauteskundeei buruz, Nafarroako presidenteak esan du erkidegoaren egoera politikoa "poliedrikoa" dela eta Geroa Baik ez dituela "marra gorririk" balizko hauteskunde ondoko itunei dagokienez. Dena dela, aitortu du UPNk eta PPNk defendatzen dituzten proposamen asko ikusita, "alarma gorriak piztuta" dituztela.
Estatuko egoera politikoa hizpide, Barkosek uste du politikariek "akordioak erdiesteko eta elkarrizketa bilatzeko gaitasuna" erakutsi behar diotela gizarteari. Hala, adostasunetara heltzeko bere konpromisoa berretsi du, baina "ez edozein modutan". Barkosek nabarmendu duenez, Geroa Baik Kongresuan akordioak lortzeko lidergoa izango, baina "ekarpena" egin dezake.