Politika -
HAUTESKUNDEEN AURRERAPENA
Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzea 'erabat' baztertu du EAJk
Koldo Mediavilla EAJko Harreman Instituzionalen idazkariaren esanetan, hauteskunde aurrerapenari buruzko zurrumurruek agerian uzten dute Estatu espainiarreko politikak euskal politika kutsatu duela.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Koldo Mediavilla EAJko Harreman Instituzionalen idazkariak "erabat" baztertu du Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak aurreratzea eta Estatu espainiarreko politikak euskal politika kutsatu duela uste du. "Hirukoa" (EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PP), ezezkoaren frontetzat jo duena, denboran zehar "eutsi ezina" dela iritzi dio.
Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan azaldu duenez, hauteskunde aurrerapenari buruzko zurrumurruek agerian uzten dute Estatu espainiarreko politikak euskal politika kutsatu duela. Haren hitzetan, Espainian bizi den politikaren erakusle da.
"Zenbait hedabide eztabaida honekin entretenituta egon daitezke, baina antzua da. Erabakia lehendakariaren eskuetan dago baina, gaur gaurkoz, ez dut uste hauteskundeak aurreratzeko asmorik duenik, besteak beste, bere Gobernu programa aurrera eramateko indarra eta taldea duelako", adierazi du.
"Nik erabat baztertuko nuke hipotesi hori", nabarmendu du.
Mediavillaren esanetan, "une bakoitzak bere aukerak ditu", eta hauteskundeak igarotakoan ikusiko da Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) "zein egoeratan dagoen".
Oposizioko alderdiei ezezkoaren fronte osatu izana leporatu die: ez aurrekontuei, ez Gobernuaren neurriei, ez Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta aldatzeari eta ez hauteskundeak aurreratzeari.
Hala eta guztiz ere, Mediavillaren iritziz, ez du luzaro iraungo hiru alderdi horien elkar hartzeak, "ez behintzat parametro berdinetan".