Politika -

Ekitaldia Euskalduna Jauregian

'Etorkizuneko erronkak' abiapuntu, Gure Esku Dagok aro berri bati ekingo dio gaur

Bilboko Euskalduna Jauregiak hartuko du aurkezpen ekitaldia, 12:00etatik aurrera. Amalur Alvarez ikertzailea eta Josu Etxaburu irakaslea izango dira plataformaren bozeramaile berriak.

Euskalduna Jauregian GEDk egindako ekitaldia. Argazkia: EiTB
Euskalduna Jauregian GEDk egindako ekitaldia
Euskalduna Jauregian GEDk egindako ekitaldia. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gure Esku Dagok etapa berri bat hasiko du igande honetan, Bilboko Euskalduna Jauregian. "Fase berri" horri buruzko azalpenak emango dituzte, hain zuzen, 12:00etatik aurrera, "etorkizuneko erronkak" aurkezteko deitu duten ekitaldian.

Elkarteak esan duenez, "urrats berriak egiteko abiapuntua" izango da aipatu hitzordua. "Heldu zein gazte, emakume, gizon ala beste, bateko zein besteko, guzti-guztiak gonbidatuta zaudete hitzordu honetara", esan dute, eta webgunean izena emateko aukera irekita dagoela gogorarazi dute.

Amalur Alvarez ikerlaria eta Josu Etxaburu irakaslea izango dira aurrerantzean Gure Esku Dago (GED) bozeramaileak. Erabakitzeko eskubidearen aldeko plataformak "aro berri" bati ekingo horrela, eta biharko ekitaldian aurkeztuko dituzte eledun berriak.

GEDk ohar batean adierazi duenez, Alvarez eta Etxaburu hastapenetik izan dira dinamikako kide, eta Angel Oiarbidek eta Zelai Nikolasek utzitako lekukoari helduko diote.

Zientzia juridiko eta politikoen arloko ikerlaria da Amalur Alvarez (Donostia, Gipuzkoa, 1988) eta irakaslea, Josu Etxaburu (Ondarroa, Bizkaia, 1961).

Igande honetako ekitaldia iragartzeko agerraldian azken bost urteetan galdeketak antolatu dituzten 208 udalerrien ordezkariek hartu zuten parte, Tolosako Topic aretoan.

Elkarteak "bost urteko zikloaren" errepasoa egin zuen komunikatu batean. Esan zutenez, 2014az geroztik Euskal Herriko 208 udalerritan antolatutako galdeketek "etorkizuna irudikatzeko aukera eman digute, zer nahi dugun eta nola erabaki nahi dugun jabetzeko, urteetan aurpegira begiratu ez diogunari eskua emateko, elkarrekin ahalduntzeko, ikasteko, gaitasun tekniko, ekonomiko eta kolektiboak geureganatzeko, demokrazian sakontzeko, gugan sinesteko" eta abar.

218.248 herritarrek hartu dute parte GEDek antolatutako galdeketetan, eta "oinarria zabaltzen jarraitzeko" asmoa iragarri dute. Kontsultetan "gizartearen % 100ak" duela lekua defendatu du GEDek, "gurea herri guztiarentzako proposamena baita".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Gure Esku Euskalduna Jauregia Eguneko albisteak Albisteak