Politika -
A28ko Hauteskunde-errolda
Iruindarrek hauteskunde-mahaiko kide izango diren jakin ahal dute jada
Arratsaldetik aurrera, zozketan izendatutako 2.430 pertsonei jakinarazpen ofiziala egiten hasiko zaie.
eitb.eus
Jada ikusgai daude Iruñeko 270 hauteskunde-mahaien osaera zehazteko Osoko Bilkura berezian egindako zozketaren emaitzak. Hautesleek udalaren webgunean ikus dezakete ardura hori egokitu zaien apirilaren 28ko hauteskundeei begira.
Halaber, 010 Herritarrendako Arreta Telefonora deituta kontsulta daiteke (948420100, Iruñeaz kanpotik edo telefono-operadore baten tarifa lauaren barruan deitzen bada).
Azken hauteskundeetan bezala, erroldako zerrendak ez dira jendaurrean ikusgai jarriko; hortaz, bide horietako batera jo behar da. Informazioa ikusi nahi duenak nortasun agiriaren zenbakia eta lehen abizena erabili beharko ditu. Bertan, honako informazioa izango du eskuragarri: bere identifikazio-datuak, botoa ematera zein hauteslekutara joan behar duen, hautesbarrutia, hauteskunde-atala eta mahaia.
Arratsaldean bertan hasiko dira zozketa bidez hautatutako 2.430 pertsonei jakinarazpen ofiziala helarazten, eta hurrengo zazpi egunetan izango dute mahaikide, mahaiburu eta ordezkoek alegazioak egiteko aukera.