Politika -
Erasoa EHU-N
EHUn edozertaz eztabaidatu daitekeela azpimarratu du Balluerkak
Joan den azaroan EHUko ikasle bat jipoitu zuten. Gaur, Nekane Balluerka errektoreak agerraldia egin du Legebiltzarrean, unibertsitateak eraso horren aurrean nola jokatu zuen argitzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nekane Balluerka EHUko errektorea Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean izan da gaur goizean. Alderdi Popularrak eskatuta, ikasle batek joan den azaroan jasan zuen erasoaren harira unibertsitateak nola jokatu zuen azaldu behar izan du.
Eraso hura irmotasunez eta publikoki gaitzetsi zuela gogoratu du eta unibertsitatea hasieratik biktimaren ondoan izan dela azpimarratu du. Halaber, EHUn edozein gaitaz eta askatasunez eztabaidatu daitekeela adierazi du, "betiere muga demokratikoen baitan".
Gertakariak 2018ko azaroaren 30ean jazo ziren. Espainiaren batasunaren aldeko elkartek batek Gasteizen antolatutako hitzaldi batean parte hartu zuen biktimak, eta handik atera zenean ezezagun batzuek jipoitu egin zuten. Sudurra eta masailezurra hautsi zizkioten eta ebakuntza egin behar izan zioten.
Abenduan, Ertzaintzak bi gazte atxilotu zituen, erasoarekin zerikusia zutelakoan. Epaileak aske utzi zituen gero, baina urruntze-agindua ezarrita. Gorrotozko delitua eta lesioak eragitea leporatzen diete biei.
Balluerkak esan du Unibertsitatea "pobreagoa" izango litzatekeela edozertaz eztabaidatzeko aukerarik egongo ez balitz. Ildo horretan, EHUn Stalini buruz egindako hitzaldi baten harian Iñaki Oyarzabal Arabako PPko presidenteak Twitterren idatzitako mezu bati egin dio aipua. Ondokoa zioen politikariak: Ez du imajinatzen Hitlerren aldeko hitzaldi bat Gizarte Zientziak eta Ikus-entzunezko Komunikazioaren Fakultatean. Zerbait esateko, errektore anderea?".
"Unibertsitatea ideien tenplua izan behar da, eta edozein 'tuit' onartu dezaket, baina nik Hitler babesten dudala esatea lekuz kanpo dago; unibertsitatean edozertaz eztabaidatu daiteke, baina beti muga demokratikoak errespetatuta", azaldu du.
Horrez gain, harridura agertu du jipoitutako ikasleak EHUren aurka publiko egin zuen gutuna dela eta. Unibertsitateak bera babesteko ezer egin ez zuela salatu zuen ikasle horrek.
Alabaina, hori hala ez dela azpimarratu du Balluerkak: "Unibertsitatea hasieratik, erasoa izan zela jakin genuenetik, egon da bere ondoan".
Halaber, ikaslea babesteko segurtasun neurriak hartu zituztela eta neurri horiek egun indarrean daudela zehaztu du.