Politika -
GERNIKA
Eudelek frankismo ondorengo lehen alkateak omendu ditu
Diktaduraren osteko lehen udal hauteskundeen 40. urteurrena ospatu dute Gernikako Juntetxean. Ekitaldi solemnea eta hunkigarria izan da.
EITB.EUS
Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak omenaldia egin die gaur Gernikan frankismo ondorengo lehen udal hauteskundeetan aukeratutako alkateei. Ekitaldi solemnea eta hunkigarria izan da. Diktadura luze baten ondoren, 1979ko apirilaren 3an egin ziren lehen hauteskundeak, eta, beraz, 40 urte bete berri dira orain.
Omenaldia 12:00etan hasi da, Gernikako Juntetxean. Ekitaldiaren buru izan dira Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea, Imanol Landa Getxoko alkate eta Eudeleko presidentea, Jose Antonio Santana Eudeleko lehen presidenteorde eta Irungo alkatea, eta Garazi Lopez de Etxezarreta Eudeleko bigarren presidenteorde eta Errenteriako alkateordea.
1979ko alkateen eta egungoen ordezkaritza bat ere joan da ekitaldira.
Omenduak alkateek makilekin osatutako arku batetik igaro dira. Musika eta dantza emanaldiak ere izan dira, eta orduko eta egungo alkate batzuek hitza hartu dute. Horrez gain, oroigarri bana jaso dute.
"Makila, eskuz esku, 40 urtez" lelopean, "makilaren ondarea" izan da omenaldiaren haria; "eskuz esku" transmititzen dena, herritarrekiko konpromisoaren sinbolo gisa ez ezik, "bidaide" gisa ere bai.
Duela 40 urte, 228 udalerritako ordezkariak aukeratu ziren, eta horietatik lau bakarrik ziren emakumezkoak. Amaitzear den legegintzaldian, 251 udaletatik 69tan emakumezkoak dira gidari.
Imanol Landak jaun-andreen lana goretsi du belaunaldiz belaunaldi datorren "transmisio kate bateko begiak" direlakoan, garai bakoitzean udalerrien bizi-kalitatearen eta aurrerabidearen alde guztia emateagatik.
Eudeleko elkarteburuak euskal udalerrien aitorpen bateratua adierazi die haien udalen alde lan egiteko bizitza eskaini zuten "boluntario guztiei, baliabide gutxirekin eta trukean ezer jasotzeko asmorik gabe".
Bestalde, Ana Otaduik ekitaldiaren harrerako agurra emateko hitzaldian, nabarmendu duenez, "daborduko badira lau hamarkada Gernikako Batzarretxe hau aukeratu zala, leku historikoa dan ezkero, Euskadiko Udalen Elkartea eratzeko. Pozarren nago gaur Genikan egingo jatzuelako omenaldia zeuei, 1979an lehenengo udal demokratikoen buru jarri zinien pertsona adoretsuoi".
Amaierako hitzaldia Jose Antonio Ardanza lehendakariaren eskutik heldu da. Ardanzak demokraziaren lehenengo Udalen hastapenak gogorarazi ditu: "Ez geneukan telefono mugikorrik, ezta internet, sare sozialik, edo gaur egun arruntak diren gauza askorik; osterantzean, sinesten genuen hainbat kontutan: askatasuna, demokrazia, berdintasuna, ideien errespetua, gure gizartearen aniztasuna eta gure udalerrietan. Izan ere, beraiek behatzen, epaitzen eta bozkatzen gaituzte".
"Beti pentsatu dut udalak direla politikarien eginkizuna ikasteko eskolarik onena; izan ere, gure 7 lehendakarietatik 3 alkate izan ziren lehenago", aipatu du Ardanza lehendakariak.
Gainera, Eudelek omendu nahi izan ditu topaketa horren protagonistak Iker Belaustegi Munitibarreko alkateak 2009an demokraziaren udalen 30. urtemugan egindako bertsoekin. Bertso bera berriro interpretatu dute beren beregi omenaldi honetan, Olatz Salvador abeslariaren ahots eta gitarraren bitartez.