Politika -

M26

EAJk eta PDeCATek Europako hauteskundeen osteko akordioa sinatu dute, lankidetza xede

Izenpetutako agirian 'Estatu gabeko nazioek Europan toki bat lortzeko eztabaida' bultzatzeko konpromisoa hartu dute bi alderdiok.

Ortuzar eta Bonvehi, sinadura ekitaldian. EFE
Ortuzar eta Bonvehi, sinadura ekitaldian.
Hauteskunde ondorengo lankidetza ituna sinatu dute EAJk eta PDeCATek

0:54

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PDeCATek gaur sinatu dute, Bilbon, maiatzaren 26ko Europako hauteskundeen ostean elkarlanean aritzeko akordioa, hauteskundeetara bakoitza bere aldetik aurkeztea erabaki ondoren. Akordioaren helburua "euskal eta kataluniar nazioen aitortza eta autodeterminazio eskubidea" bultzatzea da, eta horretarako elkarlanean arituko dira bi alderdiak, batez ere Europako Parlamentuan.

Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidenteak eta David Bonvehi PDeCATeko buruak izenpetu dute ituna, Sabin Etxean. Agirian azpimarratu dutenez, "elkarrizketa demokratikoa da Euskadik eta Kataluniak Espainiako Estatuarekin dituzten arazo politikoak konpontzeko bide bakarra", eta mezu hori Europako Ganberan zabaldu behar da.

Hain justu, "Estatu gabeko nazioek Europan toki bat lortzeko eztabaida" bultzatzeko konpromisoa hartu dute bi buruzagiek, "Aniztasunean elkartuta" lelopean. Testuan irakur daitekeenez, "Euskadi eta Katalunia bi nazio dira, biek gurari bat partekatu dute euren ibilbide historiko luzean: askatasuna", eta bi alderdiok "40 urte hauetan borrokatu dute Espainiako Estatuaren barruan eta Europaren baitan toki duin bat eta bidezkoa lortzeko".

Beratan salatu dutenez, "Espainiako indar nagusiek eragozpenez bete dituzte Kataluniaren eta Euskadiren autogobernua osorik garatzeko prozesuak" eta "bestelako nortasun batzuk uniforme bihurtzeko" euren joera kritikatu dute. "Kataluniako prozesua horren adibide argia da", deitoratu dute.

Hori horrela, dei egiten diete Espainiako Estatuko erakundeei ateak ireki diezazkioten elkarrizketa erabakitzailea abiatzeko prozesuari, eta Europar Batasuneko erakundeei, prozesua abiatzen lagun dezaten.

Iragan martxoaren 21ean EAJk eta PDeCATek iragarri zuten ez direla elkarrekin aurkeztuko Europako hauteskundeetara, baina bozen ostean elkarlanean arituko direla "Euskadi eta Katalunia Europako Parlamentuan defendatzeko eta bi nazioek etorkizuneko Europan ahotsa eta ordezkaritza izatea aldarrikatzeko".

Horrez gain, Euskadik eta Kataluniak Espainiar estatuaren egungo markoan eta Europar Batasunean duten tokiari konponbidea bilatzeko konpromisoa hartu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia gaur Politika EAJ-PNV Andoni Ortuzar albisteak Europako Parlamenturako Hauteskundeak 2024 Alderdi politikoak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Hauteskundeak