Politika -

Europako hauteskundeak

EH Bilduk Pernando Barrena proposatu du Europako Parlamenturako hautagai

Mahai Politikoak bilera egin zuen atzo, erabaki bat hartzeko asmoz, EH Bilduk Josu Juaristi hautagai izango ez dela iragarri ostean.

Pernando Barrena. ETBrn bideo batetik ateratako artxiboko irudia
Pernando Barrena
Pernando Barrena. ETBrn bideo batetik ateratako artxiboko irudia

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Josu Juaristiren militantzia eten zuen EH Bilduk iragan astean, eta Pernando Barrena proposatu du gaur bertan Europako Parlamenturako hautagai, maiatzaren 26ko hauteskundeetara begira, Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez.

Koalizio abertzaleak, gainera, baieztatu du ERCk, EH Bilduk eta BNGk osatutako Orain Errepublikak koalizioko bigarrena izango dela Barrena. Hain zuzen ere, Oriol Junqueras izango du talde horrek zerrendaburu.

Mahai Politikoak bilera egin zuen atzo, erabaki bat hartzeko asmoz, EH Bilduk Juaristi hautagai izango ez dela iragarri ostean. Azkenik, beraz, Pernando Barrena Arzak (Berriozar, Nafarroa, 1965) beteko du bigarren tokia.

Herri Batasunaren Mahai Nazionaleko kide izan zen Barrena 1998 eta 2001 bitartean. Geroago, Batasunako zuzendaritzako kide izan zen, eta Euskal Herritarrok koalizioaren parlamentari, Nafarroan.

Koalizio abertzaleak komunikatua bidali aurretik, Juaristik berak hauteskundeetara aurkeztuko ez zela iragarri zuen, "harreman sentimental baten hausturaren ondorioz", fisikoki zein emozionalki ahul zegoela argudiatuta.

Horren harira emandako azalpenen arabera, "jarrera onartezina" izan zuen Juaristik, lekuz kanpo zeuden mezuak bidalita, pertsona jakin horri min egin ziolako.

EH Bilduk haren dimisioa onartu, militantziatik kendu eta gertatutakoa ikertuko zuela azpimarratu zuen orduan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Europako hauteskundeak EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak