Politika -

A28 eta M26 hauteskundeak

Hautagai diren 'proces' auziko sei presoak aske uztea baztertu du Gorenak

Jordi Sanchez, Jordi Turull, Josep Rull, Oriol Junqueras, Raul Romeva eta Joaquim Forn hautagaiek behin-behinean libre uztea eskatu zuten kanpainan parte hartu ahal izateko.

Junqueras, Romeva eta Forn, akusatuen aulkian 'proces' auziko epaiketan. Argazkia: EFE
Junqueras, Romeva eta Forn, akusatuen aulkian 'proces' auziko epaiketan.
Junqueras, Romeva eta Forn, akusatuen aulkian 'proces' auziko epaiketan. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako prozesua epaitzen ari den Auzitegi Goreneko epaimahaiak baztertu egin du A28ko eta M26ko hauteskundeetan hautagai diren sei presoak aske uztea. Jordi Sanchez, Jordi Turull, Josep Rull, Oriol Junqueras, Raul Romeva eta Joaquim Forn auzipetuek kanpainan parte hartzeko behin-behinean libre geratzea eskatu zuten; aukera hori errefusatu du epaimahaiak.

Sanchez, Turull, Rull, Junqueras eta Romeva hautagai dira apirilaren 28ko hauteskunde orokorretan; Forn, ordea, maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan (Bartzelonako zerrendaburua da JxCat alderditik). Lehen bostek aske geratzea eskatu zuten defentsa eskubidea eta eskubide politikoak urratzen zizkietela argudiatuta. Esan zutenez, ezin zuten hauteskunde kanpainan gainerako hautagaien baldintza berdinetan parte hartu. Fornek geroago egin zuen eskaera. M26rako hautagaia izateaz gain, A28ko hauteskundeetan mahai bateko presidente izatea egokitu zaio Generalitateko Barne kontseilari ohiari. 

Gorenak, aldiz, uste du hauteskundeetan hautagai izatea behin-behineko kartzelaldiarekin bateragarria dela, espetxean egoteak ez dituelako eskubide politikoak urratzen.

Are, Gorenak dio auzipetuak kartzelan mantentzeko arrazoiak badirela oraindik, batez ere "epaiketaren unea kontuan hartuta".

Argudiatu duenez, presook aske uzteak "eragin handia" izango luke epaiketan, eta erantsi du kartzelan mantentzea "proportzionatua" dela, eta ez duela "akusatuen parte hartze politikoa urratzen".

Akusatuen defentsek proposatutako kautelazko neurriak (kontrol telematikoa, esaterako) ihes egiteko arriskua saihesteko "nahikoak ez" direla uste du Gorenak.

Gorenaren iritzian, defentsarako eskubidea bermatuta dute auzipetuek, "aske egon ala kartzelan". Gogorarazi duenez, auzipetuei "euren abokatuen ondoan jesartzen uzten diete, nahieran komunikatu daitezen —antza, beste epaiketetan ez da aukera hori izaten—.

"Horrez gain, atsedenaldietan eta jatorduetan libreki eta inongo mugarik gabe hitz egin dezakete euren abokatuekin", erantsi du.

Salak azpimarratu duenez, epaiketak "ez du auzipetuen duintasuna urratzen" kartzelan egonagatik. "Epaileak egindako deialdira ez agertzeak, ordea, eragin handia izango luke epaiketan, eta horregatik, hain justu, agindu genuen auzipetuak kartzelatzea", gogorarazi du Gorenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Politika Kataluniako erreferenduma Auzitegi Gorena Presoak Hautagaiak Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako prozesua zuzenean