Politika -
GALen aurkako epaiketa
Fiskala: 'Gonzalezek ez zuen GALen sorrerarekin zerikusirik izan'
GALen aurkako auzia epaiaren zain gelditu da. Herri-akusazioak 99 urteko kartzela zigorra eskatu du Miguel Planchuelo 1986an Bilboko Polizia buru zenarentzat. Fiskalak, berriz, absoluzioa eskatu du.
Erredakzioa
Pedro Rubira Auzitegi Nazionaleko fiskalak gogoratu duenez, Segundo Mareyren bahiketaren inguruko epaiketan Auzitegi Gorenak erabaki zuen Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak ez zuela GAL taldearen sorrerarekin erlaziorik izan.
GAL taldearen aurkako azken auzia epaiaren zain gelditu da gaur. Herri-akusazioak 99 urteko kartzela zigorra eskatu du Miguel Planchuelo 1986an Bilboko Polizia buru zenarentzat. Fiskalak, berriz, absoluzioa eskatu du.
Epaitu duten gertaera 1986an izan zen, Iparraldeko ''Batzoki'' eta Consolation'' tabernetan gertatutako tiroketa egin zutenean. Planchuelori eraso horiek finantziatzea leporatu diote.
Azken txostena amaitzeko, Herri-akusazioaren abokatuak esan du, beste herri batzuetan ez bezala, Espainian "Estatuak zerikusia duenean, ezin direla kasuak ikertu". Bere hitzetan, auzi honek Estatu terrorismoarekin" zerikusia du.
Fiskalak, berriz, salaketak ez direla probatu azpimarratu du eta, honako hau terrorismo kasua denik ukatu egin du.
Gaurko saioan, Rubirak Amedori argi eta argi erantzun egin dio: "Fiskaltzak askotan entzun dio Amedo jaunari Gobernuko presidente ohiak errua duela esaten", baina Gorenak adierazi zuenez, "ez dago proba nahikorik Felipe Gonzalez auzipetzeko". Jose Amedo eta Michel Domínguez polizia ohiek ez dutela Planchuelo auzi honetan inplikatu gogoratu du gaur fiskalak. Ondorioz, Planchuelo auzipetzeko "proba zuzenik" ez dagoela nabarmendu du Rubirak.
Planchuelok ere hitz egiteko eskaera egin du Auzitegi Nazionalean "errudun" dela adierazteko.
Bestalde, Begoña Lalana, herri-akusazioko abokatuak gogoratu du Planchuelori orri bat aurkitu egin ziotela ''Hemen GAL'' hitzekin.
"GALen helburu nagusia Frantziari presio egitea zen bere politika alda zezan, eta ezin da herrialde oso bat mehatxatu helburu hori lortzeko, nahiz eta zilegia izan", gaineratu du.